Mundua -
LONDRES
Ipar Irlandari buruzko akordioa itxi dute Sunakek eta Von der Leyenek
"Uste dut gaur adostutakoa zerbait historikoa dela", esan du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroak nabarmendu duenez, adostutako aldaketek Ipar Irlandaren eta Erresuma Batuaren arteko "merkataritza erraza" ahalbidetuko dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ipar Irlandari buruzko akordioa itxi dute Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. Hainbat urtetako negoziazioen ondoren, bi mandatariok gaur izenpetu dute ituna, Windsor herrian (Londres ekialdean) egin dute bileran.
"Pozten naiz aurrerapen erabakigarria egin dugula jakinarazteaz. Protokoloa aldatu dugu eta orain Windsorko akordio markoa iragartzen dugu ", adierazi du Sunakek.
Sunakek nabarmendu duenez, adostutako aldaketek Ipar Irlandaren eta Erresuma Batuaren arteko "merkataritza erraza" ahalbidetuko dute, eta akordioak Ipar Irlandaren "subiranotasuna" babesten du; aldi berean, Ostiral Santuko bake-akordioak arriskuan jarriko lituzkeen muga "gogor" batera itzuliko ez direla bermatzen du.
Ipar Irlandan akordioari buruz dauden erreparoen jakitun, Sunakek esan du "denbora eta espazioa" emango diela alderdi politikoei eta gizarteari akordio berriaren nondik norakoak aztertu eta "digeritu" ahal izateko, baina gero aurrera ateratzeko beharrezko babesa izatea espero duela erantsi du.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen ustez, Erresuma Batuaren eta EBren arteko harremanetan "garai berri bat irekitzea" ahalbidetzen du akordioak.
"Akordio marko honek gure elkartearen garai berri bat irekitzea eta Ipar Irlandako herritarren kezkei erantzuten dieten irtenbideak lortzea ahalbidetzen digu", adierazi du Von der Leyenek Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroarekin batera emandako prentsaurrekoan.
"Uste dut gaur adostutakoa zerbait historikoa dela", esan du Europako Batzordeko presidenteak, eta azpimarratu du printzipioen akordioak bi merkatuen interesak babesten dituela eta "oinarri sendoak" ezartzen dituela. Era berean, argi utzi du EBko Justizia Auzitegiak "hitz bakarra eta azkena" izaten jarraituko duela Batasuneko arauei eragiten dieten gaiei buruz.
Jeffrey Donaldson Ipar Irlandako Alderdi Demokratiko Unionistako (DUP) buruzagiak adierazi duenez, bere alderdiak denbora beharko du akordioa aztertzeko, haren baldintzak babestu ala ez erabakitzeko.
"Denbora hartuko dugu xehetasunak aztertzeko eta akordioak gure zazpi baldintzak betetzen dituen egiaztatzeko", esan du buruzagi unionistak Twitterren, DUPen ustez Brexitaren osteko edozein konponketak bere oniritzia izateko bete behar dituen zazpi baldintzei erreferentzia eginez.
Alderdiak, Alderdi Kontserbadorearen alde euroeszeptikoenarekin batera, Ipar Irlandako Protokoloaren aurkako oposizioa gidatu du azken urteetan, eta Londresen eta Bruselaren arteko edozein konponbide berrik Erresuma Batuaren eta Ipar Irlandaren artean "merkantzien kontrolik ez egotea" ziurtatzea eskatzen du.
Krisi hau desblokeatzeko bi urteko desadostasunen ostean, Sunakek Downing Streeten Boris Johnsonen lekua hartzeak Londresen eta Bruselaren arteko hurbilketa eta "irtenbide pragmatikoak" diseinatzeko negoziazioak areagotzea ahalbidetu zuen.
Sunak eta Von der Leyenen arteko itunak Parlamentu britainiarraren eta bloke komunitarioaren oniritzia behar du, baina ikusteko dago nola tramitatzen duten.
Leo Varadkar Irlandako lehen ministroa pozik agertu da akordioarekin. "Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko Protokoloari buruzko negoziazioen emaitza positiboari buruzko gaurko iragarpena oso ona da. Konponbide bateratuak lortzeko prozesu luze eta zail baten emaitza da", adierazi du Varadkarrek Twitterren argitaratutako mezu batean.
Varadkarrek "gogor eta fede onez lan egin duten bi aldeen lana" goraipatu du. "Ipar Irlandako alderdien lana ere aitortu nahi dut, konpromiso eraikitzailea izan dutelako", azpimarratu du.