Mundua -

Ukraina, urtebete gerran

Txinak bake plana aurkeztu du Ukrainarako, su etena eta Errusiaren aurkako zigorrak kentzea eskatzen duena

Pekinek 12 proposamen biltzen dituen dokumentua aurkeztu du, gatazkari konponbide politikoa eman nahian. NATO eta Europako Batzordea mesfidati agertu dira Txinak egindako planaren aurrean.

Wang Yi Txinako Atzerri gaietarako Bulegoaren zuzendaria Putinekin asteon egindako bileran. EFE
Wang Yi Txinako Atzerri gaietarako Bulegoaren zuzendaria Putinekin asteon egindako bileran.
Wang Yi Txinako Atzerri gaietarako Bulegoaren zuzendaria Putinekin asteon egindako bileran. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txinako Gobernuak Ukrainarako bake plana aurkeztu du gaur, gerrak urtebete egin duen honetan. Gatazkari konponbide politikoa emateko saiakeran, bi aldeei su etena eskatu die eta herrialde guztien lurralde-integritatea bermatzea. 

Txinako Atzerri Gaietako Ministerioak 12 proposamen biltzen dituen dokumentua ondu du. Meniaz gain, Mendebaldeko herrialdeei Errusiari ezarritako zigorrak bertan behera uzteko eta bake elkarrizketak abiatzeko proposatu du. 

Pekinen arabera, Nazio Batuen Gutunean jasotako printzipioei jarraikiz, garrantzitsua da herrialde guztien subiranotasuna, indarra eta aberastasuna errespetatzea, hain justu Ukrainak eskatu bezala. 

"Alde guztiek batera defendatu behar dituzte nazioarteko harremanetan lege diren oinarrizko arauak, eta berdintasuna eta nazioarteko justizia babestu", irakur daiteke agirian. Ildo beretik, batzuk eta besteak epaitzeko "neurri ezberdinak" ez erabiltzea garrantzitsua dela azpimarratu du.

Krisi nuklearra saihesteko deia

Halaber, Txinako Gobernuak "Gerra Hotzaren pentsamoldea" uzteko deia egin du: "Herrialde baten segurtasuna ezin da beste herrialde batzuen segurtasunaren menpe egon. Eskualdearen segurtasuna ezin da bermatu bloke militarrak indartuz eta zabalduz".

Arma nuklearrak erabiltzearen kontrako aldarri ozena egin du Pekinek. "Arma nuklearrak ezin dira erabili, ezin dugu gerra nuklear bat izan (...) Ezein egoeratan, ezein herrialdek arma biologiko edo kimikoak erabiltzearen kontra gaude", nabarmendu du. 

Era berean, Ukrainako zentral nuklearren segurtasuna mantentzeko deia egin du, eta instalazio horien kontrako erasoak gaitzetsi ditu. 

"Dei egiten diegu alde guztiei segurtasun nuklearraren hitzarmenak eta bestelako nazioarteko legeak errespetatzeko eta gizakiek eragindako istripu nuklearrak saihesteko", adierazi du Txinak. Ingurumari horretan, Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundearen lana azpimarratu du. 

Pekinen hitzetan, "gerretan ez dago garailerik. Hortaz, arrazionaltasuna eta moderazioari eusteko deia egin nahi diegu alde guztiei. Ez ezazue xaxatu edo gatazka areagotu". Orobat, Ukrainako krisi humanitarioa Nazio Batuen babespean konpontzeko beharra adierazi du, zibilak eta gerra presoak babestuta eta zereal esportazioa bermatuta. 

Azkenik, "ahal bezain laster" elkarrizketei berriro ekiteko eskatu die Errusiari eta Ukrainari, su etena lortzea helburu. 

Bide horretan "rol eraikitzailea" izateko prest agertu da Pekin, eta nazioarteari ere zentzu berean jarduteko eskatu dio. 

Erreakzioak

Egitasmoaren lehen balorazioa egin dute NATOk eta Europako Batzordeak Tallinen (Estonia) egindako agerraldi bateratuan. Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiaren esanetan, "Txinak ez du sinesgarritasun handirik, ez baita gai izan Ukrainari egindako legez kanpoko inbasioa gaitzesteko". 

Bestalde, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak azpimarratu duenez, dokumentua, bake plana baino gehiago, "printzipio sorta" da. "Aztertuko dugu, baina Txinak Errusiarekin duen harremana kontuan hartuta egin behar da. Inbasioa hasi baino lehen, Errusiarekin adiskidantza akordio mugagabea sinatu zuen Txinak, eta bere jarrera adierazi".

NATOk, AEBk eta Europak mesfidantzaz hartu dute Txinaren bake plan proposamena
NATOk, AEBk eta Europak mesfidantzaz hartu dute Txinaren bake plan proposamena
NATOk, AEBk eta Europak mesfidantzaz hartu dute Txinaren bake plan proposamena

02:55

Egitasmoa publiko egin aurretik, balorazioa egin zuen atzo Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ere, eta "positibotzat" jo zuen, baina hura aztertzeko "goizegi" zela gaineratu zuen. 

"Orokorrean, Txina Ukrainari buruz hitz egiten hastea oso ona da. Lehen pausoak dira, eta ez da negatiboa", esan zuen atzo Ukrainako presidenteak Pedro Sanchezekin egindako agerraldian. "Xehetasunak dakizkigunean aterako ditugu ondorioak", erantsi zuen.

Errusiako Gobernuak Txinako agintariek proposatutako plana "aintzat" hartu du, bakea lortzeko jarrera "zintzoa" ikusten baitute. Maria Zajarova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak adierazi duenez, Mosku prest dago "bitarteko politiko eta diplomatikoen bidez" Putinek duela urtebete ezarritako "helburuak" lortzeko.

Errusiaren ustez, Ukrainako indarrei mendebaldeko armak bidaltzea bertan behera uztea, lurraldeen "errealitate berriak" eta herrien "autodeterminazio askea" aitortzea, Ukraina "desnazifikatzea" edo gutxiengoa errespetatzea beharrezkoa litzateke.

Halaber, Zajarovak "legez kontrakotzat" jo ditu Moskuren aurka onartutako nazioarteko zigorrak. "Lehia desleialerako eta gerra ekonomikorako tresna zitala", salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Txina Errusia Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski