Mundua -
Ukrainako gerra
Putinek Errusiaren egoerari buruzko lehen mezua emango du gaur, Ukrainako gerra hasi zenetik
Errusiako presidenteak bere iritzia emango du kanpaina militarraren martxaz, nazioarteko egoera tirabiratsuaz, Gobernuaren kudeaketaren emaitzez eta etorkizuneko planez.
Agentziak | EITB Media
Vladimir Putin Errusiako presidenteak Estatuaren egoerari buruzko hitzaldia emango du gaur, asteartea, lehena duela ia urtebete -otsailaren 24an- Ukrainako kanpaina militarra hasi zenetik.
Hitzaldia eguerdian egingo du, ordubete inguru iraungo du, eta Joe Biden AEBko presidenteak astelehenean Ukrainara egindako bisita historikoak markatuko du, zalantzarik gabe.
Iazko urte amaieran bertan behera utzi zuen urteroko prentsaurrekoa, eta 2021eko apiriletik ez du agerraldirik egin Errusiako Parlamentuko bi ganberetan.
Putinek bere iritzia emango du kanpaina militarraren martxaz, nazioarteko egoera larriaz, Gobernuaren kudeaketaren emaitzez eta etorkizuneko egitasmoez.
Oraingoz sekretismo handia dago bertan emango duen mezuaren inguruan, baina, gai ekonomikoak eta gizarte politikak alde batera utzita, Ukrainako lau eskualde (Donetsk, Luhansk, Kherson eta Zaporizhia) anexionatzeko operazioa izango du ardatz.
Biden astelehenean Kievera eta asteartean Varsoviara joan izana aipatzea ere espero da. Izan ere, Kremlinen esanetan, Ukrainan NATOrekin ere borrokatzen ari da.
Liskarrak hasi eta urtebetera, Putinek ezin dio Batzar Federalari garaipen handirik aurkeztu, borroken lehen hilabeteetan lortutakoez gain.
2022ko uztailetik, Errusiako Armadak Lisitxansk gotorlekua hartu zuenetik, Moskuko tropek ez dute Ukrainako herri garrantzitsurik konkistatu. Errusiako aditu eta blogarien artean ezkortasuna nagusi da.
Putinek hainbat aldiz aldatu ditu Ukrainan borrokan ari diren indarren komandanteak, harik eta urte hasieran Valeri Gerasimov Estatu Nagusiko buru kritikatua jarri zuen arte. Harrezkero, gauzak ez dira hobetu.
Kremlinen helburua anexionatutako lau eskualdeen kontrola lortzea da, baina bere helburua lortzetik oso urrun dago, Donetsken eta Khersonen bereziki, azaroan Armada hegoaldeko eskualde horren iparraldeko herenetik erretiratu beharra izan baitzuen.
Wagner konpainiaren mertzenarioak dira Bajmuteko frontean arrakasta nabarmenen bat lortu duten bakarrak, nahiz eta Ukrainako defendatzaileek erasoa hasi eta sei hilabetera eusten jarraitzen duten.
Errusiaren erasoaldi orokorra ez da iritsi, eta Mendebaldeak Ukrainiari agindutako tankeak Kievera heltzekotan dira.