Mundua -
Turkia
Miliotik gora lagun aldi baterako aterpeetan bizi dira lurrikarak etxerik gabe utzi ostean
Otsailaren 6ko astinduen ondorioz, ehunka mila lagun kanpin-dendatan, etxe aurrefabrikatuetan edo aterpetxeetan bizi dira Turkian. 71.000 etxebizitza eta bulego hartzen zituzten 20.000 eraikin suntsitu dira, eta 105.000 bota egin beharko dira lehenbailehen, segurtasunagatik.
Olatz Prat | EITB Media
Otsailaren 6ko lurrikara sunstitzaileek 40.689 heriotza eragin dituzte Turkian eta milaka lagun zauritu dira, ehunka mila lagun etxerik gabe uzteaz aparte.
Turkiako agintariek gaur jakinarazi dutenez, milioi bat pertsona inguru bizi dira gaur egun Turkian kanpin-dendetan, etxe aurrefabrikatuetan edo aldi baterako harrera-erakunderen batean.
Kopuru horri lurrikarak kaltetutako eremuetatik ebakuatutako ia milioi erdi pertsona gehitu behar zaizkio. Yunus Seker AFAD Turkiako larrialdi zerbitzu nazionaleko presidenteak azaldu duenez, 460.945 pertsona ebakuatu dituzte kaltetutako eskualdeetatik, eta horietako 318.000 aterpetxe publikoetan eta hoteletan daude.
Hirigintza Ministerioak gaur zabaldutako azken datuen arabera, 20.000 eraikin (71.000 etxebizitza eta bulego hartzen zituztenak) erori dira kaltetutako hamaika probintzietan.
Guztira, orain arte ikertutako 830.000 eraikinetatik, 105.000 erorita daude edo larri kaltetuta daude, eta lehenbailehen eraitsi behar dira, Ministerioaren ohar baten arabera.
Ikuskatutako eraikin guztien hiru laurdenek ez dute kalterik izan (407.000) edo kalte arinak baino ez dituzte (205.000); beraz, haietara sartu ahal izango dira bizilagunak, Fuat Oktay Turkiako presidenteordeak azpimarratu duenez. Hala ere, berretsi du edozein eraikinetara sartu ahal izateko beharrezkoa dela aurretik adituek haren sendotasuna ziurtatu izana.
Turkiako agintariek agindu dute 100.000 etxe aurrefabrikatu ezarriko dituztela datozen hilabeteetan.
Biktimen behin-behineko balantzea
Sekerrek zehaztu duenez, hildakoen kopurua 40.689ra igo da igande honetan, hau da, larunbateko balantzearekin alderatuta, 47 gehiago. Balantze hori oraindik behin-behinekoa da ordea, izan ere, gorakada nabarmena espero da, hondakinen azpian oraindik dozenaka mila gorpu daudela uste baita.
Bizirik egon daitekzeen pertsonen bilaketa betan behera gelditu da ia toki guztietan, Kahramanmaras eta Hatay probintzietan izan ezik, horietan oraindik 40 bat eraikinetan bila jarraitzen baitute, Sekerrek argitu duenez.