Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Volodimir Zelenski Erresuma Batura iritsi da Sunak lehen ministroarekin biltzeko eta Parlamentuan hitz egiteko
Oraingoz baieztapen ofizialik ez badago ere, oso litekeena da Zelenski Londresetik Bruselara joatea bihar Europar Batasuneko estatuburuek eta gobernuburuek egingo duten bileran parte hartzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea Erresuma Batura iritsi da, Ukrainan Errusiaren inbasioa hasi zenetik herrialdera egin duen lehen bisita ofizialean.
"Ongi etorri Erresuma Batura, Zelenski presidentea", esan du Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroak Twitter sare sozialean duen kontuan, "Slava Ukraini" (Aintza Ukrainari) mezuarekin eta bien argazki batekin batera.
Downing Streetek ohar baten bidez jakinarazi duenez, Zelenski presidentea Sunak lehen ministroarekin bilduko da eta hitzaldi bat emango du Parlamentuaren aurrean. Gainera, Charles III.a erregearekin batzartuko da, BBC Erresuma Batuko irrati eta telebista publikoak zabaldutako informazioaren arabera.
Lehen ministroaren bulegoak azaldu duenez, Erresuma Batuak Ukrainari ematen dion babesaz hitz egingo dute, eta "ekipamendu militarra" eta "irismen luzeko baliabideak" eskainiko dizkio Errusiaren udaberriko erasoaldiari aurre egiteko.
Bestalde, Erresuma Batuak Errusiaren aurkako zigor gehiago onartuko dituela iragarri du.
Duela ia urtebete Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik atzerrira egin duen bigarren bidaia da. Abenduaren 21ean, Ameriketako Estatu Batuetara joan zen, Joe Biden AEBko presidentearekin elkartzeko eta Kongresuaren aurrean hitzaldia emateko. Handik Ukrainara bidean, Polonian geldialdia egin zuen Andrzej Duda presidentearekin batzartzeko.