Mundua -

Iran

Irango buruzagi gorenak protestetan atxilotutakoen "kopuru esanguratsu" bat indultatuko ditu

Atzerriko potentzientzat espiatu ez dutenei edo atzerriko inteligentzia-zerbitzuekin harremanik izan ez dutenei; gizabanakoak hil edo zauritu ez dituztenei edota jabetza publiko edo militarrak suntsitzen parte hartu ez dutenei soilik aplikatuko zaie amnistia, baina ez dute esan zenbat izango diren.

Jomeini ayatolaren murala. EFEren artxiboko argazkia.
Jomeini ayatolaren murala. EFEren artxiboko argazkia.
Jomeini ayatolaren murala. EFEren artxiboko argazkia.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jomeini aiatolaren itzulera eta 1979ko Iraultza Islamikoaren 44. urteurrenaren harira, Ali Jamenei, Irango buruzagi gorenak azken hilabeteotan herrialdea astindu duten protestetan atxilotutakoen "kopuru esanguratsu" bat indultatuko dituela iragarri du.

Atzerriko potentzientzat espiatu ez dutenei edo beste herrialde batzuetako inteligentzia-zerbitzuekin harremanik izan ez dutenei; gizabanakoak hil edo zauritu ez dituztenei edota jabetza publiko edo militarrak suntsitzen parte hartu ez dutenei soilik aplikatuko zaie amnistia, Mizan Botere Judizialaren albiste agentziak berri eman duenez. 

Agintariek, ordea, ez dute jakinarazi protestetan atxilotutako 20.000  lagunetatik -atzerriko GKE-en zifren arabera- zenbat izango diren neurriaz probestuko direnak. 

Iranen protesta giro latza bizi dute irailetik, Mahsa Amini belo islamikoa gaizki jantzita eramateagatik atxilotu eta poliziaren zaintzapean zela hil zenetik. 

Agintariek bortizki erantzun diote Errepublika Islamikoaren amaiera eskatzen zuten gazteen erreboltari, eta 500 hildako eta 20.000 atxilotu eragin ditu. Horietatik, ehunka laguni kartzela zigorra ezarri diete eta 17ri urka.

Orain arte lau manifestari exekutatu dituzte, horietako bat plazan, eta horrek ekarri du protestek indarra galdu izana. 

1979ko Iraultza Islamikoaren urteurrenean, otsailaren 11an ospatzen dena, ohikoa izaten da presoak indultatu eta askatzea. Aurten, protestengatik zigortutakoez gain, "dozenaka milaka" preso askatuko dituztela iragarri dute. 

Ebrahim Raisi Irango presidenteak adierazi duenez, azken Sah agintetik bota zutela 44 urte bete direnean, ospakizunak "herriari bide zuzenetik jarraitzen laguntzeko" izango dira. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Iran Protestak gaur