Mundua -

PALESTINA-ISRAEL GATAZKA

Erasotzaile palestinarren familientzako onurak ezeztatzeko eta deportatzeko plan bat iragarri du Israelek

Benjamin Netanyahu lehen ministro kontserbadorearen bulegoak palestinarren aurkako sei neurri iragarri ditu gaur goizaldean, "terrorismoari aurre egiteko eta terroristei eta horiei laguntzen dietenei gogotik ordainarazteko".

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Argazkia: EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Argazkia: EFE
Zigor kolektiboen aldeko apustua egin du Israelek, palestinar otso bakartien erasoei aurre egiteko

02:59

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Segurtasun Kabineteak palestinarren aurkako hainbat neurri iragarri ditu gaur goizaldean, asteburuan izandako erasoei erantzun gisa. Erasotzaileen familiei onurak kentzea eta horiek deportatzeko plan bat daude neurrien artean.

Ostiralean, zazpi israeldar hil zituzten Ekialdeko Jerusalem okupatuko sinagoga batean izandako eraso armatuan, 2008tik izan den atentatu hilgarrienean, eta horrek eragin ditu neurri hauek.

"Segurtasun kabineteak hainbat erabaki hartu ditu terrorismoari aurre egiteko eta terroristei eta horiek babesten dituztenei gogotik ordainarazteko", jakinarazi du Benjamin Netanyahu lehen ministro kontserbadorearen bulegoak ohar batean.

Sei neurri iragarri dituzte. Batetik, "terrorismoaren alde dauden terroristen senitartekoen gizarte-asegururako eskubideak eta prestazio gehigarriak baliogabetzea" eta zibilei "su-armen lizentziak lortzeko betebeharrak arintzea eta erraztea".

Gainera, "terrorismoa babesten duten terroristen familien nortasun agiri israeldarra baliogabetzea" legeztatzeko plan bat ere iragarri dute. Proposamen horren xehetasunak oraindik zabaldu ez badira ere, Jerusalemgo ekialdean okupatuta bizi diren palestinarrei aplikatuko litzaieke neurria eta Zisjordania okupatura joan beharko lirateke.

Kabineteak iragarritako gainerako neurriak hauek dira: ostiraleko erasoaren egilearen familia-egoitza ahalik eta lasterren eraistea, hainbat lekutan tropa militar zein polizialak indartzea eta Zisjordaniako kokagune juduak "indartzea".

Urtarrilean 32 palestinar eta 7 israeldar hil dira indarkeriaren ondorioz.

Israelek ostegunean Yenin hirian (Zisjordania okupatua) egindako sarekada militar batek eragin zuen ostiraleko erasoa. Yeningo erasoan hamar palestinar hil zituzten (miliziano batzuk barne) eta horri erantzunez, koheteak jaurti zituzten Gazako Zerrendatik.

Israelgo soldaduek atzo Zisjordanian 10 palestinar hil ondoren, tentsioak gora egin du Ekialde Hurbilean
Israelgo soldaduek atzo Zisjordanian 10 palestinar hil ondoren, tentsioak gora egin du Ekialde Hurbilean
Israelgo soldaduek atzo Zisjordanian 10 palestinar hil ondoren, tentsioak gora egin du Ekialde Hurbilean

1:14

Kolonoek palestinarren aurka egindako eraso uholdea salatu dute GKEek

Israelgo Poliziak alerta maila igo du, kolono israeldarrek palestinarren aurka Zisjordanian egindako erasoek gora egin dutelako.

Palestinarren etxebizitza bat eta auto bat erre dituzte Turmus Ayya herrian aurpegia estalita zeramaten hainbat pertsonak, Zisjordaniako Ramala hiriaren kanpoaldean, eta Israelgo Poliziak uste du israeldarrak zirela, 'The Jerusalem Post' egunkariak jaso duenez.

Hedabide palestinarrek jakinarazi dute beste eraso batzuk izan direla eta nahita su eman dietela ibilgailuei Zisjordaniako beste leku batzuetan ere, eta Yesh Fin GKEak hainbat eraso salatu ditu larunbat gauean.

Aita santuak elkarrizketa eskatu du "heriotza zurrunbiloa" geldiarazteko

Frantzisko aita santuak eskatu du Palestinako eta Israelgo Gobernuek eta nazioarteak "lehenbailehen" beste bide batzuk topatzea, azken atentatuen ostean bi lurraldeetan "heriotza zurrunbiloa" geldiarazteko.

"Urte hasieratik dozenaka palestinar hil dira Israelgo armadarekin izandako tiroketetan", deitoratu du aita santuak.

"Egunez egun areagotzen ari den heriotza espiralak bi herrien artean dauden konfiantza zirrikitu apurrak itxi besterik ez du egiten", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbileko albisteak Netanyahu, Israelgo lehen ministroa