Mundua -
ukrainako gerra
Poloniak formalki eskatuko du Alemaniaren bermea, Ukrainara tankeak bidaltzeko
Alemaniako Atzerri ministroak balizko entrega horri atea ireki eta biharamunean iritsi da iragarpena.
agentziak | eitb media
Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroak astelehen honetan baieztatu duenez, bere Gobernuak Ukrainara Leopard tankeak bidaltzeko baimena eskatuko dio formalki Alemaniari, Annalena Baerbock Alemaniako Atzerri ministroak entrega horri atea ireki eta biharamunean.
Varsoviak Kievi eskaintzen dizkion tankeak Alemanian ekoitzitakoak dira, eta, beraz, teorian beharrezkoa da Berlinek igorpena onartzea. Alemaniak hirugarren herrialde batera esportatzeari zion mesfidantzaren aurrean, Poloniako Gobernuak bere kabuz ekintzak abiatzeko mehatxua egin zuen.
"Orain arte ez digute galdera egin, baina egiten badigute, ez dugu aurka egingo", adierazi zuen Baerbockek igandean, LCI telebista frantziarrari egindako elkarrizketa batean, Poloniak Ukrainari Leopard borroka gurdiak entregatzen badizkio zer gertatuko litzatekeen galdetu ziotenean.
Morawieckik astelehen honetan onartu du erronka, eta eskaera formala aurkeztuko duela baieztatu du, baina oraindik argitzeke daude eskaera data eta noiz amaituko den Ukrainako Indar Armatuei tankeak entregatzeko epea.