Mundua -

Gerra Ukrainan

Ukrainara tankeak bidaliko dituztela hitzematea saihestu dute Macronek eta Scholzek

"Behar duen laguntza eta bitarteko guztiak" Ukrainara bidaltzearekin bat datoz bi herrialdeetako presidenteak, gatazkak okerrera egiten ez badu.

Alemaniako eta Frantzako presidenteak, Parisen. Argazkia: EFE
Alemaniako eta Frantzako presidenteak, Parisen. Argazkia: EFE
Alemaniako eta Frantzako presidenteak, Parisen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra ados agertu dira EBri eta Ukrainari eman beharreko babesari buruz baina ez dira gai izan Kieverako tanke gehiago bidaliko dituztela hitzemateko.

Frantzia-Alemania goi-bilera egin dute igande honetan Parisen, bi herrialdeen arteko ika-mikaz betetako 2022 baten ondoren, eta Volodímir Zelenski Ukrainako presidentearen eskaeren inguruan EBren barruan izandako desadostasunek eklipsatu egin dute bilera. 

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak adierazi duenez, ez du baztertzen Ukrainara Leclerc tankeak bidaltzea, hiru baldintza betetzen badira, tartean, gatazkak okerrera ez egitea.

"Defentsa ministroari eskatu diot horretan lan egiteko, ez dugu ezer baztertzen", esan du Macronek, Frantzia eta Alemaniako Ministroen arteko Batzordearen ostean. Bilera horretan Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrarekin batzartu da Macron.

Macronek hiru baldintza zehaztu ditu tankeen bidalketa hori azkenik gauzatzeko: gatazkak okerrera egin ez dezan, tankeak erabiltzeko soldadu ukrainarrak prest izatea eta Frantziako defentsa-gaitasuna kaltetu ez dezan.

Frantziako presidenteak aurreratu duenez, Ukrainara bidali dezaketen tankeen inguruko erabakiak "datozen egunetan eta asteetan" hartuko dituzte, Europako beste aliatuekin, tartean, Alemaniarekin.

Macronek gogoratu duenez, Frantziak material militar ugari eman dio dagoeneko Ukrainari, hala nola, Caesar artilleria astuneko 18 ale, munizioa, misil antiaereoak edo infanteriako borrokarako ibilgailuak.

Bestalde, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak bat egin du Macronek adierazitakoarekin, eta Ukrainak "behar duen laguntza eta bitarteko guztiak" bidaltzeko prest dagoela esan du, finantza-laguntza, humanitarioak nahiz armak.  

"Helburua da Errusiako tropak Ukrainatik erretira daitezen", adierazi du komunikabideen aurrean, Macronekin bildu ostean. Galdetu diote zehazki borrokarako tankeei buruz, eta Alemaniako kantzilerrak esan du erabaki hori "aliatuekin adostu" behar dela, bai europarrekin baita AEBkoekin ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Alemania Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron Olaf Scholz Errusia-Ukraina gerra