Mundua -

Frantzia

150.000 lagun kalera atera dira berriro Frantzian, pentsioen erreformaren kontrako protestan

2030erako jubilaziorako gutxieneko adina 62tik 64 urtera atzeratzeaz gain, erreformak jubilazio osoa gozatzeko kotizazio urteen kopurua 42tik 43ra igotzea 2027ra aurreratu nahi du, orain arte 2035erako aurreikusita zegoenean. Bi egunean bigarren protesta da gaurkoa.

Protestak Parisen, pentsio-legearen erreforma dela-eta. Argazkia: EFE.
Protestak Parisen, pentsio-legearen erreforma dela-eta. Argazkia: EFE.
Protestak Parisen, pentsio-legearen erreforma dela-eta. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

150.000 lagun, horietako asko eta asko Frantzia Intsumisoa alderdiaren (LFI) botoemaile gazteak, kalera atera dira larunbat honetan Parisen jubilatzeko gutxieneko adina 62tik 64 urtera luzatu nahi duen pentsioen erreformaren aurka protesta egitera. Bi egunean bigarren protesta jendetsua izan da gaurkoa. 

Joan den ostegunean sindikatuek deituta egindako greba eta mobilizazioen ostean, dozena bat ikasle- eta gazte-elkartek eta ezkerreko alderdi batzuek antolatu dute gaurko martxa "Gure jubilazioaren aldeko martxa" lelopean. 

Bastilla plazatik hasi eta Nazioaren plazaraino, milaka manifestarik arbuiatu dute Emmanuel Macronek sustatutako erreforma. Macronek dioenez erretiro-adina luzatzea gero eta zaharragoa den herrialde batean (frantziarren % 21ek 65 urte edo gehiago ditu) gizarte-segurantzaren defizita zuzentzeko neurri gisa ulertu behar da. 

Jean Luc Mélenchonen LFIk (Frantziako hirugarren alderdi parlamentarioa) babestu du protesta, hain justu, Frantziako Ministroen Kontseiluak lege-proiektua onartu baino bi egun lehenago. Kontseilutik pasata, Frantziako Asanbladan eztabaidatu beharko dute. Han, Macronen alderdiak ez gehiengo absoluturik baina, dirudienez, zentro-eskuinaren babesa izago du araua onartzeko. 

"Macronek gerra deklaratu digu", "Macron, izorra hadi, gazteok kalera atera gara", izan dira manifestariek oihukatutako kontsignetako batzuk, eta komunikabideak ere kritikatu dituzte, erreformarekiko konplazentzia agertzeagatik.

Ekintza honen helburua gizarte-presioa handitzea eta 1995ean gertatu zenaren antzeko zerbait lortzea da. Orduan, Jacques Chirac presidente kontserbadorearekin pentsioen erreformarako proiektu bat bertan behera gelditu zen presio sozialari esker, Parlamentuan gehiengo osoa bazuen ere.

2030erako jubilaziorako gutxieneko adina 62tik 64 urtera atzeratzeaz gain, erreformak jubilazio osoa gozatzeko kotizazio urteen kopurua 42tik 43ra igotzea 2027ra aurreratu nahi du, orain arte 2035erako aurreikusita zegoenean

Gobernuak azpimarratu du bere proposamenak kontuan hartzen dituela 20 urte bete baino lehen lanean hasi zirenak eta arrazoi medikoengatik 64 urte bete baino lehen erretiroa hartu behar dutenak.

Hori dela eta, etorkizuneko pentsiodunen % 40k 64 urte bete baino lehen erretiroa hartu ahal izango dutela ziurtatu du.

Joan den ostegunean, urtarrilaren 19an, 2 milioi pertsona baino gehiago atera ziren manifestatzera, sindikatuen arabera, eta 1,12 milioi Poliziaren arabera. Frantzia osoan zehar egin ziren protestak, Parisen bakarrik 80.000 pertsona manifestatu ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Frantzia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Protestak gaur Emmanuel Macron Pentsioak Frantziako Gobernua