Mundua -
AIREKO ISTRIPUA
Ukrainako Barne ministroa hil da helikoptero istripu batean
Oraingoz 18 hildako daude, tartean Barne ministroa, ministrordea eta Estatu idazkaria. Bi haurren heriotzaren berri ere eman dute.
EITB MEDIA
Denis Monastyrsky Ukrainako Barne ministroa hil da gaur goizaldean Brovary hirian, Kiev eskualdean, haurtzaindegi batetik gertu izan den helikoptero istripu batean. Dagoeneko 18 dira hildakoak, tartean, 3 haur.
Poliziak ohar batean azaldu duenez, Barne ministroaz gain, lehen ministro ordea eta Estatu idazkaria ere hil dira ezbeharrean. Hildakoez gain, 29 pertsona zauritu dira.
Oraingoz, ez dute zehaztu zerk eragin duen istripua, eta Errusiak ere ez du horri buruzko iruzkinik egin. Andrei Kostin Ukrainako fiskalburuak adierazi duenez, "oraingoz aukera guztiak aztertzen ari dira". Mariana Reva Ukrainako Poliziaren bozeramaileak bere aldetik azpimarratu du oraindik goiz dela gertatutakoari buruzko iritzia emateko.
Ezbeharra asteazken goizaldera gertatu da, Kievetik gertu. Antza, helikopteroa haurtzaindegi batetik eta etxebizitza batzuetatik gertu erori da: "Tragediaren unean haurrak eta erakundeko langileak zeuden haurtzaindegian. Une honetan mundu guztia ebakuatu dute. Biktimak daude ", adierazi du Oleksiy Kuleba Kieveko eskualdeko administrazio militarreko buruak Telegrameko kontuan, istripua izan eta minutu gutxira.
Denis Monastyrski, Barne ministroa, Moskuk herrialdea inbaditu zuenetik hil den ofizial handiena izango litzateke.
Zelenskik gertatutako argitzeko eskatu du
Denis Monastirski Ukrainako lehen ministroaren heriotza baieztatu du herrialde horretako presidente Volodimir Zelenskik, eta "gertatutakoa argitzeko" eskatu du.
"Brovaryn ezbehar larria gertatu da gaur. Adieraziezina da sentitzen dugun mina. Haurreskola baten ondoan jausi da helikopteroa", adierazi du. Biktima kopurua oraindik argitzeke dagoela ere esan du.