Mundua -
brasil
Bolsonaroren ministro ohi bat atxilotzeko agindua eman dute, Brasilgo erasoan dolozko ez-egiteagatik
Brasilgo agintariek, halaber, Polizia Militarreko komandante ohi bat, Fabio Augusto Vieira, atxilotu dutela iragarri dute. Magistratuak "oso larritzat" jo ditu biek urtarrilaren 8an erakunde publikoei egindako erasoan izandako jokabideak.
agentziak | eitb media
Brasilgo agintariek Anderson Torres Justizia eta Segurtasun Publikoko ministro ohia eta Fabio Augusto Vieira Polizia Militarreko komandante ohia atxilotu dituztela iragarri dute.
Torresek baieztatu duenez, Alexandre de Moraes Brasilgo Auzitegi Goreneko epaileak atxilotzeko agindua ema du eta bere etxera indarrez sartzeko baimena eman du.
"Nire oporrak eteteko (Estatu Batuetan) eta Brasilera itzultzeko erabakia hartu dut. Justiziaren aurrean aurkeztuko naiz eta nire defentsa zainduko dut", azaldu du ministro ohiak Twitterren.
"Etikan eta legezkotasunean oinarritu izan ditut beti nire ekintzak. Brasilgo justizian eta erakundeen sendotasunean sinesten dut. Ziur nago egia nagusituko dela", ziurtatu u Torresek.
Magistratuak, bere aldetik, uste du Torresen eta Polizia Militarreko komandante nagusi ohiaren jokabidea "izugarri larria" dela, presidentearen, ministroen eta parlamentarien bizitza arriskuan jar dezaketelako.
Moraesek adierazi duenez, "ezerk ez ditu justifikatzen Torresen eta Vieiraren omisioa eta ez ikusiarena egitea", urtarrilaren 8an erakunde publikoei egindako erasoan. Era berean, bien jarrera "ikaragarria" izan zela ziurtatu du, indarkeriazko ekintzak aurreikus zitezkeelako.
Bolsonarok alta jaso du
Bestalde, Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohia AdventHealth Celebration ospitaletik atera da astearte honetan, Orlando estatubatuar hiriko kanpoaldean, mediku taldearen gomendioaren aurka.
Astelehenean ospitaleratu zuten, 2018ko hauteskunde-kanpainan jasandako labankada baten ondorioz sabeleko min handiak zituelako. Itxuraz, ospitaletik atera da, nahiz eta medikuek beste hiruzpalau egunez bertan egoteko eskatu dioten, 'O Globo' egunkari brasildarrak jakinarazi duenez.