Mundua -
osasuna
MOEk ez du uste Txinan izandako koronabirus agerraldiak Europan eragin nabarmenik izango duenik
Erakundeak azpimarratu du herrialde horretan hedatzen ari diren aldaerak kontinentean daudela jada eta, beraz, ez dutela bestelako arriskurik suposatzen.
agentziak | eitb media
Txinako koronabirus kasuen gorakadak ez luke eragin "nabarmenik" izan behar Europan, herrialde horretan hedatzen ari diren aldaerak Europako kontinentean baitaude dagoeneko, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) astearte honetan jakitera eman duenez.
"Bat gatoz Gaixotasunak Kontrolatzeko Europako Zentroaren (ECDC) ikuspegiarekin, ez baita aurreikusten Txinako egungo agerraldiak eragin nabarmenik izango duenik covid-19ak Europako eskualdean duen egoera epidemiologikoan", adierazi du Hans Kluge OMS-Europako zuzendariak prentsaurreko batean.
Hala ere, Klugek zentzuzkotzat jo du zuhurtziazko neurriak hartzea, "zientzian oinarritutakoak" eta "neurrikoak", herritarrak babesteko, Txinako egoerari buruzko informazio "zehatzagoa" iristen den bitartean.