Mundua -

Brasil

Brasilgo ultraeskuinaren oldarraldia gaitzetsi du nazioarteak

AEBko presidenteak, Europar Batasunak eta Latinoamerikako gobernu guztiek erasoaldia kritikatu dute Lula da Silvari babesa adierazi diote.

Brasilgo polizia kolpistei aurre egiten. Argazkia: EFE
Brasilgo polizia kolpistei aurre egiten.
Brasilgo polizia kolpistei aurre egiten. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteak gogor salatu du Bolsonaroren jarraitzaileek Brasilgo Kongresuaren, Gorenaren eta Presidentetza jauregiaren aurka egindako erasoa. Joe Biden AEBko presidenteak Brasilgo "demokraziari egindako erasoa" gaitzetsi du eta "amorragarria" dela erantsi. 

"Brasilgo demokraziari eta botere aldaketa baketsuari egindako erasoa gaitzetsi nahi dut. Brasilgo erakunde demokratikoek gure babes osoa dute, eta Brasilgo herriaren borondatea ezin da hautsi", esan du Bidenek Twitterren duen kontuan. 

Europako erakundeek Brasilen "demokraziari egindako erasoa" gaitzetsi dute

Europako erakundeetako arduradun nagusiek Brasilgo Kongresuari, Auzitegi Gorenari eta Presidentetzako Jauregiari egindako erasoa gaitzetsi dute, "demokraziaren aurkako erasotzat" joz. Era beran, Lula da Silva Brasilgo presidenteari babesa helarazi diote.

Erasoa "kezka handia da guztiontzat, demokraziaren defendatzaileentzat", adierazi du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Twitterren duen kontu ofizialean, eta "babes osoa" adierazi dio presidenteari, horren hitzetan "modu aske eta justuan aukeratua izan baitzen".

27 izenean, Josep Borrell Kanpo Arazoetarako eta Segurtasun Politikarako EBko goi-ordezkariak Brasilgo buruzagi politikoei, eta bereziki Bolsonaro presidente ohiari, gogorarazi die "arduraz jokatu behar dutela eta jarraitzaileei etxera joateko eskatu". "Desberdintasun politikoak konpontzeko lekua Brasilgo erakunde demokratikoen barruan dago, eta ez kaleetako indarkeriaren bidez", gaineratu du.

Antonio Guterres Nazio Batuen idazkari nagusiak ere gertatutakoa gaitzetsi du: "Brasilgo erakunde demokratikoei egindako erasoa kondenatzen dugu. Brasilgo herriaren eta erakundeen borondatea errespetatu behar dira", adierazi du Guterresek.

Olaf Scholz Alemaniako kantzilerraren hitzetan, erasoa "demokraziaren aurkako eraso onartezina" da: "Brasiliako irudi izugarriak iritsi zaizkigu. Erakunde demokratikoen aurkako eraso bortitzak demokraziaren aurkako eraso onartezina dira ", adierazi du kantzilerrak Twitter sare sozialean, eta babes irmoa helarazi die Lula presidenteari eta brasildar guztiei.

Latinoamerikako gobernuen gaitzespena

Oldarraldia baztertu dute Latinoamerikako gobernu guztiek, izan ezkerrekoak (gehiengo dira) zein eskuinekoak. Alberto Fernandez Argentinako presidenteak Twitter bidez  helarazi du bere "gaitzespena" eta "baldintzarik gabeko babesa agertu dio" Lulari, "Estatu kolpe saiakera horren aurrean". 

Ildo beretik mintzatu da Gabriel Boric Txileko gobernuburua ere, eta oldarraldia "demokraziari egindako eraso koldar eta makurra" izan dela salatu du. 

Gustavo Petro Kolonbiako presidente ezkerzaleak Ameriketako Estatuen Erakundearen (OEA, gazteleraz) berehala biltzea eskatu du Brasilgo estatu kolpe saiakera aztertzeko. "Nire elkartasun guztia Lularentzat eta Brasilgo herriarentzat. Faxismoak kolpea eman nahi izan du. Indarkeria ezaren konpromisoa hautsi dute eskuinek. OEAren batzarra egin behar da segituan", bota du Petrok Twitterren. 

Dina Boluarte Peruko presidenteak "indarkeriaren erabilera" baztertu du eta Brasilgo Kongresuaren eta Presidentetzaren kontrako erasoaldia gaitzetsi. 

Harago jo du Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak eta Brasilgo "botere oligarkikoaren buruzagitza" egin du erasoaren erantzule. 

Venezuelatik, Nicolas Madurok esan du "harrituta eta kezkatuta" daudela Brasilgo egoera ikusita, eta "Brasiletik bertatik zein atzerritik bultzatutako talde faxista eta ultraeskuindarren oldarraldia" salatu du. 

Eskuineko gobernuek ere salatu dute Brasilian gertatutakoa. Luis Lacalle Pou Uruguaiko presidenteak "demokraziaren eta erakundeen kontra egindako ekintzak" gaitzetsi ditu.  Guillermo Lasso Ekuadorko gobernuburuak ere antzeko hitzak erabili ditu: "Ordena demokratikoa eta herritarren segurtasuna urratzen duten errespetu faltak eta bandalismo ekintzak salatu nahi ditut".

Cuca Gamarraren txio polemikoa

Espainiako Gobernuak eta alderdi politiko nagusiek oldarraldia kritikatu dute. Ingurumaria horretan, Cuca Gamarra PPk Kongresuan duen bozeramaileak botatako txio batek eragin du polemika. Sanchezek erasoa gaitzesteko erabilitako mezu bati erantzunez, honakoa bota du:  "Zurekin, desordena publikoa litzateke hori guztia Espainian".

Alderdi Popularreko idazkari nagusi ere badenak Zigor Kodean egin berri den aldaketa kritikatzeko baliatu du, hortaz, Brasilen gertatutakoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Brasil Latinoamerika Alderdi ultrakontserbadoreen azken ordukoa