Mundua -
Brasil
Bolsonaroren jarraitzaileek Kongresua, Jauregi Presidentziala eta Gorte Gorena indarrez hartu dituzte
Hautetsontzietan Lula da Silvak lortutako garaipena ez dute aitortzen, eta hura presidente kargutik botatzeko parte-hartze militar bat eskatzen dute. Da Silvak premiazko bilera deitu du ministroekin.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohiaren aldeko ehunka jarraitzaile Brasilgo Kongresu Nazionaleko egoitzan indarrez sartu dira igande honetan, Lula da Silva egungo presidentea kargutik botatzeko eskatuz.
Estatu-kolpearen aldeko talde horrek Poliziak egindako hesiari aurre egin dio, eta Diputatuen Ganberaren eta Senatuaren eraikinen teilatura doan aldapatik igo da.
Urriaren 30az geroztik, Brasilgo Presidentetzarako hauteskundeen biharamunetik, kanpaldia egiten ari dira Bolsonaroren ehunka jarraitzaile Armadaren Koartel Nagusiaren parean, Brasilian.
Gainera, Bolsonaroren jarraitzaileek Planalto Jauregi presidentziala (botere exekutiboaren egoitza) eta Gorte Gorena ere hartu dituzte, beraz, Brasilgo hiru botereak ordezkatzen dituzte eraikinetan sartu dira. Brasilgo kazetek jakinarazi dutenez, istiluen aurkako tresnak erabiltzen ari da Polizia.
O Globo telebista-kateak zabaldu duenez, Auzitegi Goreneko iturriak aipatuta, Auzitegi Gorenaren egoitza berreskuratu dute segurtasun indarrek, eta erasotzaileetako batzuk eraikinaren garajean daude atxikituta.
Parte-hartze miitarra
Lula gaur ez dago Brasilian, bisitan baitago Sao Paolako estatuan. Dena dela, premiazko bilera deitu du Gobernuko ministroekin. Bolsonaro, berriz, Brasiletik kanpo dago, eta ez du hitzik esan ultraeskuinak ustez antolatu duen eraso horretaz.
Kongresuaren barruko segurtasunaz arduratzen den Polizia Legegilearen patruilei eraso egin diete, eta herrialdeko hiru botereak babesteko hesiak suntsitu dituzte manifestariek. Lulak presidente kargua hartu zuen joan den urtarrilaren 1ean, baina Bolsonaroren aldeko erradikalek ez dute hautetsontzietan izandako garaipena aitortzen (bozen % 50,9 lortu zuen Lulak), eta boteretik botatzeko Indar Armatuen parte-hartze militarra dabiltza eskatzen.
Manifestariak sabakanatzen saiatzen ari dira Polizia Legegileak eta Segurtasun Nazionaleko Indarrek, gas-negar eragilea ere erabilita, baina ez dute arrakastarik izan.