Mundua -

Koronabirusa

'Zero covid' politika atzean utzi eta mugak ireki ditu gaur Txinak

Txinak ez du berrogeialdirik eskatuko herrialdera iristen diren pertsonentzat, bai ordea test negatiboa. Etxera itzul daitezkeen txinatarren oldeak espero dira, Ilargiaren Urte Berriarekin batera.

Bidaiariak Shenzengo tren estazioan. EFE
Bidaiariak Shenzengo tren estazioan. EFE
2.000 milioi joan-etorri egingo dituzte txinatarrek ilargi urtearen ospakizunetan

01:44

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ia hiru urtez isolatuta egon ondoren, mugak zabaldu ditu atzera Txinak; izan ere, A mailatik B mailara jaitsi du ofizialki covidaren kategoria, eta, horrek, praktikan, 'zero covid' politikaren amaiera markatu du.

Aldaketa horrek aukera ematen die igande honetatik aurrera herrialdera sartzen diren bidaiariei 2020ko martxotik ezarritako derrigorrezko berrogeialdirik egin beharrik ez izateko.  

Egoera berri honek bat egiten du txineraz "chunyun" bezala ezagutzen den 40 eguneko aldiarekin, Urtero Ilargiaren Urte Berrian gertatzen den munduko migrazio handiena.  2023an urtarrilaren 21etik 27ra bitartean ospatuko dute Urte Berria eta egunotan atzerrian dauden dozenaka mila txinatar herrialdera itzultzea aurreikusten da. 

Airez ez ezik, lurrez mugitzen direnen mesederako ere izango da epidemiaren aurkako Txinaren politikaren paradigma aldaketa. 

Ifrentzuan, kezka

Pandemia osoan ezarritako murrizketa gehienak kentzearen ondorioz Txinan izandako Covid-19 kasuen leherketak kezka sortu du mundu mailan, eta mundu osoko herrialdeek kontrol berriak ezarri dituzte Asiako herrialdetik datozen bidaiarientzat.

Horrela, Txina murrizketak lasaitzen hasi den heinean, gero eta gehiago dira Txinatik datozen bidaiariei proba negatiboak eskatzen hasi diren herrialdeak.

Hala, Espainiak, adibidez, aste honetatik otsailaren 15era arte ukatu ahal izango die hirugarren herrialdeetako herritarrei Txinan kokatutako edozein aireportutatik zuzeneko hegaldietan sartzea, baldin eta EBko Covid ziurtagiri digitala edo horren baliokidea edo proba diagnostiko negatiborik aurkezten ez badute. Osasun publikoko arrazoietan oinarritzen da, Barne Ministerioak aireko kanpo-mugen murrizketei buruz asteazken honetan Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratutako ebazpena.

Era berean, abenduaren amaieran Europar Batasuneko Health Security Committee (HSC) erakundeak premiaz deitutako bilera batean, EBko estatu kideek adostu zuten "zaintza aktiboa" izatea Txinan ustez gertatzen ari den koronabirus kutsatzeen leherketaren aurrean. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Txina bideoak Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa