Mundua -

koronabirusa

Txinako egoera "kezkagarria" dela eta, aldaera berriak zaintzea gomendatu du Bruselak

Europako Batzordeak estatu kideei eskatu die zaintza jarraibideak areagotzeko, adibidez hondakin urak aztertuz. Bestalde, Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak azpimarratu du Txinan hautemandako aldaerak "dagoeneko zirkulatzen" ari direla EBn.

Shangaiko (Txina) ospitale bat. Argazkia: EFE
Shangaiko (Txina) ospitale bat. Argazkia: EFE
Shangaiko (Txina) ospitale bat. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak onartu du Txinan koronabirus kasuen gorakada "kezkagarria" dela, eta "agian berandu baino lehen" beharrezkoa izango dela kontrol neurri berriak sartzea, bain oraingoz zaintza jarraibideak areagotzeko eskatu die estatu kideei; adibidez, laginak sekuentziatuz aldaera berriak hautemateko edo hondakin urak aztertuz, aireportuetakoak bereziki.

Hala planteatu du Stella Kyriakides Europako Osasun komisarioak Hogeita Zazpien Osasun ministroei igorritako gutun batean, eta azpimarratu du Bruselak "gertutik" zaintzen duela egoeraren bilakera, ostegunean agerian geratu zenez, Osasun Segurtasuneko Batzordeak ezohiko deialdia egin baitzuen.

Onartu duenez, Txinatik datozen datuak "nahiko urriak" dira, eta herrialde horretako txertaketa maila "txikia" da. Bi faktore horiek direla eta, hainbat herrialdek beren kabuz hartu dituzte neurriak. Europar Batasunaren barruan, Espainiak Italiarekin bat egin du ostiral honetan. Italiak lehen urratsa eman zuen asteazkenean.

Komisarioak onartu du beharrezkoa dela "prest" egotea, baina oraingoz ez dago neurri komunik. Osteguneko bileratik, ordea, "adostasun zabala" azaldu dute estatu kideek modu koordinatuan jarduteko beharrarekiko, har daitezkeen neurriak eraginkorrak izan daitezen.

"Berehalako" ekimen gisa, Kyriakidesek laginak sekuentziatzea proposatu du, aldaera berriak hauteman ahal izateko. Aldaera ezezagun bat agertuko balitz, "azkar erantzun" beharko litzateke, gaineratu duenez.

Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak (ECDC) ostiral honetan berretsi duenez, gaur egun Txinan dauden aldaerak "dagoeneko zirkulatzen ari dira" EBn eta, beraz, hasiera batean kasu gehiago agertzeak ez luke arriskuan jarriko Europako herritarrek aurretik duten "erantzun immunea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen da munduan? Bruselako albisteak gaur Txina albisteak Gaixotasunak argazkiak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Koronabirusaren olatua gaur