Mundua -
kennedyren hilketa
AEBk Kennedyren hilketari buruzko 12.000 dokumentu baino gehiago atera ditu argitara
John F. Kennedy presidente ohiaren magnizidiotik 60 urte igaro diren honetan, haren hilketaren inguruko 12.879 artxibo argitaratu ditu Artxibo eta Erregistroen Administrazio Nazionalak.
agentziak | eitb media
Estatu Batuetako Artxibo Nazionalek John F. Kennedy presidente ohiaren hilketari lotutako 12.879 dokumentu desklasifikatu dituzte, Dallasen (Texas) izandako magnizidiotik ia 60 urtera. Hala agindu zuen atzo, osteguna, Joe Biden AEBko presidenteak, The Washington Post egunkariak jakitera eman duenez.
Argitaratutako dokumentuen zati handi bat Inteligentzia Agentzia Zentralarenak (CIA) ziren; horrek esan nahi du, Kennedyren hilketari buruzko dokumentuen % 95 desklasifikatu direla dagoeneko, erakundeko bozeramaileak azaldu duenez.
Etxe Zuriak azpimarratu duenez, erabaki horrek argi islatzen du Biden Administrazioak "gardentasun handiagoarekin" jarduteko hartu duen "konpromisoa". Gainera, estatubatuarrei hilketaren inguruko ikerketak "hobeto ulertzeko" balio diezaiekeela adierazi du.
"Agentziek ahalegin handia egin dute aurretiaz idatzita zeuden ia 16.000 erregistroak berrikusteko. Dokumentu horien % 70 baino gehiago bere osotasunean argitara daitezkeela zehaztu zuten", azaldu du Etxe Zuriak ohar batean.
Era berean, gaineratu du erregistro gehienetan ez dela beharrezkoa artxiboak babestea. Hala ere, kasu batzuetan litekeena da dokumentuek AEBko defentsa militarrari, inteligentzia operazioei, legearen aplikazioari edo AEBko kanpo harremanei "kalte" egitea, presidenteak azpimarratu duenez. Aipatutako egoetan, artxiboak babespean geratuko lirateke.
Artxibo Nazionalek dokumentuak berrikusten jarraituko dute 2023ko maiatzaren 1era arte, eta, agentziek "etengabe atzeratzea" gomendatzen ez duten atxikitako informazio oro 2023ko ekainaren 30a baino lehen argitaratuko da.
Kennedyren hilketa
John F. Kennedy presidente ohiak 46 urte zituen eta lehen agintaldia betetzen ari zen 1963ko azaroaren 22an Texasera egindako bisita ofizial batean tirokatu zutenean.
Lee Harvey Oswald atxilotu zuten tiroketaren egiletza leporatuta, eta bi egunera, epailearen aurrera deklaratzera zihoala, Jack Ruby Dallaseko gaueko klub bateko jabeak hil zuen. Warren Batzordea arduratu zen hilketa ikertzeaz, eta Oswaldek bakarrik jokatu zuela ondorioztatu zuen.