Mundua -
Ustelkeria
Macronen alderdiaren egoitza miatu dute, kanpaina legez kanpo finantzatu ote zuen ikertzeko
Gainera, 2017ko presidentetzarako kanpainan lan egin zuen McKinsey aholkularitza enpresaren egoitza ere miatu dute, REk legez kanpoko finantzaketa izan ote zuen argitzeko.
Agentziak | EITB Media
Jendarmeriak RE Emmanuel Macronen alderdiko eta McKinsey aholkularitzako egoitzak miatu ditu, 2017ko hauteskunde kanpainaren legez kanpoko finantzaketa ikertzen ari den prozesuaren barruan.
Urrian formalki hasitako bi ikerketatan sartzen dira miaketak. Macronen 2017ko hauteskundeetan, lehen aldiz presidente hautatu zutenean, multinazionalaren bidez legez kanpoko finantzazioa izan ote zuen argitzen saiatzen ari dira ikertzaileak.
"Normala da Justiziak modu aske eta independentean ikertzea, gai horri buruz argi guztia emateko", adierazi du RE alderdiak, eta ikertzaileen "esanetara" jarri da.
Jendarmeek dokumentuak eta euskarri informatikoak eraman dituzte, Le Parisien egunkariaren arabera.
Macronen lehen agintaldian, McKinseyk kontratu publiko ugari izan zituen. Asanbleako batzorde batek ondorioztatu zuen 2018tik Gobernuak bikoiztu egin zuela Estatuko Administrazioak lan askotarako aholkularitza enpresa pribatueetara jotzeko erabakia —894 milioi euroren truke 2021ean—.
McKinseyrentzat urte erdian egindako bigarren miaketa da. 2021eko maiatzean iruzur fiskala modu larriagoan zuritzeagatik miatu zuten.