Mundua -
ustelkeria politikoa
Europako Parlamentuko presidenteordea inputatu dute dirua zuritzea eta ustelkeria egotzita
Eva Kaili atxilotu dute, Qatarrekin lotutako Europako Parlamentuaren ustelkeria auziarekin ustez lotura izateagatik. Presidenteorde kargutik kendu dute.
agentziak | eitb media
Belgikako Fiskaltza federalak Eva Kaili Europako Parlamentuko presidenteordea atxilotu eta inputatu zuen atzo, igandea, erakunde kriminalean parte hartzea, dirua zuritzea eta ustelkeria leporatuta, pasa den ostiralean ezagutarazi zen Qatarri lotutako Euroganberako ustezko ustelkeria kasuarekin zerikusia izategatik. Belgikako Fiskaltzak uste du Qatarrek "diru kopuru handia" ordaindu duela eta "opari esanguratsuak" eskaini dizkiela Europako Parlamentuan "posizio politiko estrategikoa" duten pertsonei, erabakietan eragiteko asmoz.
Eva Kaili kargugabetu egin dute Euroganberako presidenteorde postutik.
Kaili sozialdemokrataz gain, beste hiru pertsona inputatu ditu Europako Parlamentuko auzia ikertzen ari den epaileak delitu berak egotzita; horien artean daude Francesco Giorgi Europako Parlamentuko kide eta aholkularia, lobista bruselar bat eta Pier Antonio Panzeri, Italiako eurodiputatu sozialdemokrata ohia. Bestalde, karguekin aske utzi ditu Kailiren aita, zeina joan den ostiralean poliziak atxilotu egin zuen diruz beteriko poltsekin ihes egiten ari zen bitartean, eta Luca Visentini italiarra, Sindikatuen Nazioarteko Konfederazioko idazkari nagusia.
Ikerketak zabalik darrai
Fiskaltza federala hainbat hilabetetan zehar ari da atxiloketak eta miaketak egiten, eta halaxe jarraitzen dute. Maria Colleoni eta Silvia Panzeri, Bruselan atxilotutako eurodiputatu ohiaren emaztea eta alaba hurrenez hurren, atzo atxilotu zituzten, Bresciako (Italia) Auzitegi batek jakitera eman duenez. Halaber, poliziak beste eurodiputatu baten etxebizitza miatu zuen atzo gauean; Marc Tarabella sozialdemokrata belgikarrarena.