Mundua -

2022ko Mundiala

Europako Parlamentuan esku hartzeko eroskeria sare batengatik Qatar ikertzen ari da Belgikako Fiskaltza

Bost pertsona atxilotu dituzte dagoeneko, tartean, Europako Parlamentuko presidenteorde bat, Eva Kailli sozialdemokrata greziarra, hain zuzen ere.

2022ko futbol Mundiala egiten ari dira asteotan Qatarren. Argazkia: EFE
2022ko futbol Mundiala egiten ari dira asteotan Qatarren. Argazkia: EFE
2022ko futbol Mundiala egiten ari dira asteotan Qatarren. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Parlamentuan Qatarrek ustez eroskeria egiteagatik, ustelkeria kasu bat ikertzen ari da Belgikako Fiskala eta, horren barruan, bost pertsona atxilotu ditu dagoeneko, tartean, Europako Parlamentuko presidenteorde bat, Eva Kailli sozialdemokrata greziarra. Egun 2022ko futbol Mundiala egiten ari dira Qatarren.  

"Le Soir" eta "Knack" kazeten arabera, ostiral arratsalde honetan atxilotu dute Kailli, eta polizia judizialak haren etxea miatu du. Guztira, 16 etxebizitza miatu dituzte, eta beste lau pertsona atxilotu, tartean, Kailli beraren laguna, Europako Parlamentuko Sozialisten eta Sozialdemokraten taldeekin lotura duen kolaboratzaileetako bat.

Atxilotuak epailearen aurren deklaratzen ari dira, eta igande honetan erabakiko du aske utziko ala espetxeratuko dituen.

Aipatutako kazetek argitaratu dutenez, ustelkeria, antolakuntza kriminala eta dirua zuritzeko ustezko sare batengatik Belgikako Fiskaltza federalak ikerketa abiatu zuen joan den uztailean. Dirudienez, Europako Parlamentuan jarrera mesedegarriagoa lortzen saiatu zen Qatar europarlamentari batzuei diru ordainduz nahiz opariak eginez.

"Golkoko Estatu bat Europako Parlamentuaren erabaki politikoetan eta ekonomikoetan esku hartzen saiatu den susmoa dute azken hilabeteetan ikertzen aritu diren epaitegietako poliziak", esan du Belgikako Fiskaltzak komunikabideei zabaldutako ohar baten bidez.  

"Europako Parlamentuan kargu inportantea dutenei dirutza ematen nahiz opari handiak egiten egingo lukete hori", gaineratu du ohar berean. Qatarri aipamen zuzena egin ez badiote ere, Belgikako bi kazetek zabaldu dute hori dela, hain justu, ikertzen ari diren herrialdea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko Futbol Txapelketa Nazioartea Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak Qatar Europako Parlamentua