Mundua -
Schengen Eremua
Schengen Eremua Kroaziara ere helduko da urtarrilaren 1etik aurrera
Bulgariak eta Errumaniak, aldiz, Eremu horretatik kanpo jarraituko dute; izan ere, ez dute jaso babes nahikorik, Europar Batasuneko Barne Ministroen aldetik, pertsonen zirkulazio askeko aipatutako gune horretako kide izateko.
EITB MEDIA
Europar Batasuneko Barne ministroek oniritzia eman diote ostegunean Schengen Eremua handitzeari; izan ere, urtarrilaren 1etik aurrera Kroazia ere Eremuan egotea onartu dute. Bulgariak eta Errumaniak, aldiz, Eremu horretatik kanpo jarraituko dute, ez baitute jaso babes nahikorik pertsonen zirkulazio askeko aipatutako gune horretako kide izateko.
Seihileko honetan, Txekiak du Europar Batasunaren presidentetza, eta herrialde horretako Barne ministro Vit Rakusanek, prentsaurrekoan, Kroazia zoriondu du; haren esanetan, "europar herritar guztientzako mezu erabilgarria" da Kroazia Schengen Eremuan sartzea.
"Nire iritziz, Bulgaria eta Errumania prest daude Schengeneko kide izateko, eta eskerrak ematen dizkiet bi herrialde horiei azken urtean egindako lanagatik. Ziur nago, laster iritsiko zaie garaia", gehitu du Rakusanek. Txekiako Barne ministroa oso pozik azaldu da, kontuan izanik Eremua handitzea lehentasuna zela bere herrialdearentzat, Europar Batasuneko presidentetza Txekiaren esku dagoen honetan.
Austriaren eta Herbehereen blokeoa
Barne komisario Yilva Johanssonek ere "etsipena" agertu du, Austriak eta Herbehereek (azken herrialde horrek soilik Bulgariari jarri dio betoa) ezarritako blokeoagatik. Johansson suediarra da, eta Suediak izango du ardura, aurrerantzean, Eremua Bulgariara eta Errumaniara ere handitzeko.
"Zalantza txikiak" daude Bulgariaren eta Errumaniaren gainean; Austriak eta Herbehereek dituztenak "politikoak" dira, Margaritis Schinas EBko presidenteordeak goizean esan duenez: "Schengen handituz, indartsuagoak gara, ez ahulagoak, kontrol gehiago eta hobeak izango direlako, ez gutxiago; beraz, espero dut sen ona nagusitzea, eta erabakia hartzea; gaur ez bada, hemendik egun batzuetara", esan du Schinasek.
Austriak esana zuen Errumaniari eta Bulgariari betoa jartzeko asmoa zuela, kontuan izanik aurten immigrazioak gora egin duela. Herbehereek ere esana zuten kontrako botoa emango zuela. Schengen Eremuan, egun, EBko 22 herrialde daude (denak, Bulgaria, Zipre, Irlanda, oraindik Kroazia eta Errumania izan ezik), eta EBtik kanpoko lau (Liechtenstein, Islandia, Norvegia eta Suedia).