Mundua -

Alemania

23 ultraeskuindar atxilotu dituzte Alemanian, Estatu kolpea prestatzeagatik

Gainera, beste bi pertsona atxilotu dituzte Austrian eta Italian. Atxilotutako 22 kolpea planifikatzen ari zen erakunde terroristako kide omen dira.

3.000 agente baino gehiago dabiltza polizia operazioan. EITB Mediako bideo batetik hartutako irudia.
3.000 agente baino gehiago dabiltza polizia operazioan. EITB Mediako bideo batetik hartutako irudia.
Estatu kolpea emateko asmoa zuen talde terrorista ultraeskuindar bat desegin dute Alemanian

03:40

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako Fiskaltzak jakitera eman du asteazkenean Estatu kolpe bat prestatzen ari zen alemaniar erakunde terrorista bateko ustezko kide diren 22 susmagarri atxilotu dituztela, bai eta erakunde horren aldeko diren beste hiru ultraeskuindar ere. 23 atxiloketa Alemanian egin dituzte; beste bat, Austrian; eta beste bat, Italian.

Susmagarriak erakunde bateko kide direlakoan dago Fiskaltza. Erakunde hori, beranduenez, iazko azaroan sortu zuten, eta haren helburua da "Alemanian ezarritako Estatuko ordenari amaiera ematea, Estatuko haren moduarekin ordezkatzeko. Modu horren ildo nagusiak landuta dituzte".

"Erakunde horretako kideek jakin badakite plan hori gauzatzeko baliabide militarrak erabili behar dituztela, bai eta Estatuko ordezkarien aurkako indarkeria ere". Horrek heriotzak ere aurreikusten ditu: "Maila guztietan izango den sistema aldaketa lortzeko bitarteko urratsa izango litzateke" heriotzak egotea, dio agiriak.

Akusatuek "sakonki gaitzesten dituzte Estatuko erakundeak eta Alemaniako Errepublika Federaleko ordena liberal demokratikoa". Hori dela eta, denboraren poderioz erabaki dute ordena hori "bortizki eraisteko lanetan parte hartzea", eta horretarako prestaketa lanetan hastea.

Konspirazio mitoak

Taldeko kideak hainbat konspirazio mitoren jarraitzaileak dira. Batez ere, bi dira horien iturriak: alde batetik, Reichsbürgerren ideologia izenekoa, alegia, egungo Alemaniako subiranotasuna aitortzen ez duen mugimenduarena; bestetik, QAnon mugimendua, hau da, Ameriketako Estatu Batuetan sortutako konspirazio teorietako bat, eskuin muturrekoa bera. Erakundeko organo nagusia "kontseilu" bat da, eta, horrez gain, "adar armatua" ere badu; azken horri dagokio boterea armen indarrez eskuratzeko ardura.

Fiskaltzak adierazi duenez, erakundeko kide batzuek zerbitzu aktiboa dute egina alemaniar Armadan, eta atxilotuetako bi taldeko buruetako batzuk dira. Guztira, 24 alemaniar herritar atxilotu dituzte, eta errusiar herritar bat ere.

Atxiloketak estatu federatu hauetan egin dituzte: Baden-Württemberg, Bavaria, Berlin, Hessen, Saxonia Beherea, Saxonia eta Turingia. Horrez gain, Austriako atxiloketa Kitzbühelen gauzatu dute, eta beste bat, Italiakoa Perugian.

3.000 agente baino gehiago dabiltza sarekadetan, eta beste estatu batzuetan ari dira oraindik (Brandenburgo, Ipar Renania-Westfalia, Renania-Palatinatua eta Sarre). Beste 27 akusaturen aurka ari dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Delituak albisteak Alemania albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak