Mundua -
deforestazioa
EBk betoa jarriko die giza eskubideak errespetatzen ez dituzten edo deforestazioa eragiten duten enpresei
Etiketa baten bidez adierazi beharko dute. Legeria berriak honako produktu hauei eragingo die: ganadua, kakaoa, kafea, palma-olioa, soja eta egurra. Bai eta horiekin harreman zuzena duten produktuei ere.
agentziak | eitb media
Europako Parlamentuak basoei kalterik eragiten ez dieten produktuen lege berri bat adostu du, gaur, asteartea, Europar Batasuneko (EB) gobernuekin. Testuaren arabera, enpresek "behar bezalako arreta" ziurtatzen duen egiaztagiri bat jarri beharko diete beren produktuei; hau da, merkaturatu nahi duten ondasunak, 2020ko abenduaren 31z geroztik ez duela basoen deforestazioan eta degradazioan eragin munduan zehar, eta giza eskubideak errespetatzen dituela.
Europar Batasuneko zein kanpoko enpresek ezin izango dituzte beren produktuak EBn saldu ziurtagiririk gabe. Gainera, ekoizpen-herrialdeko legedia betetzen dela egiaztatu beharko dute, baita giza eskubideak eta herri indigenak errespetatzen diren legedia ere.
Modu horretan, jakina izango da europar batasunean erosten diren produktuek ez dietela kalterik eragiten basoei. Era berean, klima-aldaketaren eta mundu mailako biodibertsitate galeraren aurkako borrokan lagunduko du.
Legeria berriak ganaduari, kakaoari, kafeari, palma-olioari, sojari eta zurari eragingo die, baita lehengai horiekin elikatu diren edo egin diren produktuei ere; hala nola, larrua, txokolatea eta altzariak.
Euroganberak eta Kontseiluak formalki onartu beharko dute akordioa, eta behin hori eginda, EBko Egunkari Ofizialean argitaratu eta 20 egunera sartuko da indarrean lege berria. Artikulu batzuk, ordea, 18 hilabete geroago aplikatuko dira.