Mundua -

Gerra Ukrainan

Itzalaldi masiboak Ukrainan eta Moldavian, Errusiak egindako hainbat erasoren ondorioz

Ukrainan, gutxienez 4 pertsona hil, eta 30 zauritu dira erasoengatik. Herrialdeko azpiegitura energetikoaren % 50ek kalteak ditu.

Eraikin bat, Kieven inguruan, eraso baten ostean. Argazkia: EFE.
Eraikin bat, Kieven inguruan, eraso baten ostean. Argazkia: EFE.
Eraikin bat, Kieven inguruan, eraso baten ostean. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerriko eta Segurtasun Politikako Goi Ordezkariak salatu egin du asteazkenean Errusiak Ukrainako azpiegituren aurka egindako eraso bolada. Eraso horien ondorioz, itzalaldi masiboak daude Ukrainan eta Moldavian, eta Ukrainan gutxienez 4 pertsona hil, eta 30 zauritu dira. Herrialdeko azpiegitura energetikoaren % 50ek kalteak ditu.

"Salaketa irmoa Errusiak Ukrainako zibilen eta azpiegituren aurka egindako eraso kriminalen aurrean. Itzalaldi masiboak, Moldavian ere", gaitzetsi du europar diplomaziako buruak, sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez.

Goi Ordezkariak zehaztu du "ankerra eta gizagabea" dela milioika pertsona neguan urik, argindarrik eta berokuntza sistemarik gabe uztea. Adierazi duenez, errusiar ekintzen aurrean, Europar Batasunak Ukraina eta Moldavia babesten jarraituko du.

Moldavian "itzalaldi masiboa" dago Ukrainan izandako erasoen ondorioz. Andrei Spinu lehen ministrordeak, Azpiegitura arduraduna bera, adierazi du sarea kudeatzen duen enpresa lanean dabilela, "herrialdeko % 50etik gora berriro argindarrera konektatzeko". Itzalaldiak, besteak beste, Chisinau hiriburuari eragiten dio, tokiko komunikabideen arabera.

Testuinguru horretan, Kieven eta Ukrainako beste hiri batzuen aurka misilez egindako eraso masiboak gutxienez 4 hildako, eta 30 bat zauritu utzi ditu: "Errusiak mundu osoari erakutsi dio hau benetakoa dela", esan du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, Europar Batasunak Errusia "terrorismoa bultzatzen duen Estatutzat" jo eta gero; "67 misil baliatu ditu gure azpiegituraren kontra, gure sare energetikoaren aurka, eta gure jendearen kontra. Emaitza tragikoa da: zauritu asko, eta hildakoak ere badaude", adierazi du.

Ukrainako agintarien arabera, errusiar aire erasoek herrialdeko azpiegitura energetikoa kaltetu dute; hortaz, premiazko neurriak hartu beharko dituzte neguari aurre egiteko. Kieveko alkatearen esanetan, Bigarren Mundu Gerrako garaietatik okerrena izan liteke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albiste garrantzitsuak Ukraina Errusia bideoak Vladímir Putin bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Errusia-Ukraina gerra gaur Ukrainako presidentea