Mundua -
ukrainako gerra
Errusiak Zaporizhian egindako eraso batek azpiegitura industriala kaltetu du, zenbait etxe berorik gabe utzita
Azken bonbardaketa olatuak hamar milioi pertsona baino gehiago, herritarren % 20, argindarrik gabe utzi ditu Ukrainan. Bestalde, gerra hasi zenetik Kievetik etorritako lehen trena gaur goizean iritsi da Jersonera.
agentziak | eitb media
Zaporizhia ukrainar hiriak errusiar eraso berri bat jasan du ostiral arratsaldeko azken orduan, bi misilek azpiegitura industriala jota. Hala ere, bost talka antzeman dituzte guztira, eta sutea eragin dute inguruan, Anatolii Kurtiev alkateak jakitera eman duenez. Erasoak hildako bat eragin du gutxienez, eta 120 etxebizitza baino gehiago utzi ditu berokuntza sistemarik gabe.
Tokiko gobernadorearen arabera, baliteke zenbait pertsona hondakinen artean harrapatuta gelditu izana. Izan ere, baziren hainbat langile kaltetutako azpiegituran lanean.
Erasoaren ondorioz, hiriko barrutietako bateko herritargoaren erdia berokuntza sistemarik gabe gelditu da eta zenbait etxebizitza kaltetu dira. Dena dela, erasoren irismena neurtzen ari dira oraindik, beranduago argitu duenez.
Kurtievek jakinarazi du larrialdi zerbitzuak talkak izan diren inguruan lanean ari direla.
Hamar milioi ukrainar baino gehiago, argindarrik gabe
Errusiaren azken bonbardaketa olatuak hamar milioi pertsona baino gehiago (biztanleriaren % 20) argindarrik gabe utzi ditu Ukrainan, Volodimir Zelenski presidentearen arabera, eta egoera energetikoa "normalizatzeko ahal den guztia" egingo duela agindu du.
Gobernuak aldi baterako etenak eta aurreikusitakoak egiten ditu baina, Zelenskik nazioari egindako hitzaldi batean aitortu duenez, "larrialdiko" beste batzuk ere gertatzen dira. Vinitsia, Odesa, Sumi eta Kiev eskualdeak dira azken erasoek gehien kaltetu dituztenak.
Gerra hasi zenetik Kievetik atera den lehen trena iritsi da Jersonera
Bestalde, gerra hasi zenetik Kievetik etorritako lehen trena gaur goizean iritsi da Jersonera. Martxoaren hasieratik Errusiako tropek okupatu dute, Ukraina hegoaldeko hiri horrek berriki atzera egin duen arte.
Jerson eskualdeko kontseiluko kide batek, Serhiy Jlanek, ostiral honetan jakinarazi zuenez, "garaipenerako txartela erosi duten 200 bat bidaiari joango dira" bertan.
Adierazi zuenez, datozen trenak egun bikoitietan irtengo dira Kievetik eta bakoitietan Jersonetik. Era berean, zoriondu egin ditu "etxera itzultzen diren guztiak".