Mundua -

Ukrainako gerra

Errusiak eraso masiboa gauzatu du Ukrainako hainbat eskualdetan, eta aire alerta indarrean da herrialde osoan

Kiev hiriburuan zenbait leherketa izan dira, eta eskualde administraritza batzuek jakitera eman dute Errusiak erasoak egin dituela, misilak erabiliz.

Hainbat herritar, Khersonen, Ukrainak hiria berreskuratuta. Argazkia: EFE.
Hainbat herritar, Khersonen, Ukrainak hiria berreskuratuta
Hainbat herritar, Khersonen, Ukrainak hiria berreskuratuta. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kiev Ukrainako hiriburuan leherketak izan dira arratsaldean, eta, ondorioz, aire alarmak aktibatu dituzte, Vitali Klitschko alkateak baieztatu duenez; bitartean, eskualde administraritza batzuetako nagusiek jakitera eman dute misilak erabiliz egindako errusiar erasoak izan direla euren lurraldeetan.

"Hiriburuari eraso diote. Lehen informazioen arabera, bi bizitegi eraikinek jasan dituzte kalteak, Pechersk barrutian. Kieveko aire defentsak hainbat misil eraitsi ditu", idatzi du, "Ukrainska Pravda" komunikabideak jasotako Telegrameko mezu batean. Atariaren arabera hiriko bi aldeetan entzun dituzte leherketak.

Ukrainako mendebaldean ere, zehazki Leopolisen, gutxienez bi leherketa izan dira, Andriy Sadovyi alkateak egiaztatu duenez. Sadovyiren arabera, hiri zati batean ez dago argindarrik.

"Etsaiak energia azpiegitura garrantzitsu bati eraso dio, Leopolis eskualdean. Leopolisen azaroak daude argindarraren hornitzearekin lotuta, eta telefonia mugikorrean etenaldiak daude", esan du tokiko administraritza militarreko nagusi Maksym Kozytskyik.

Beste eskualde batzuetako nagusi militarrek ere eman dute jakitera errusiar erasoak izan dituztela, misilak baliatuta; hain zuzen ere, hauetakoak: Kryvyy Rih, Mykolaiv, Chernihiv, Cherkasy, Poltava eta Jarkiv. Herritarrei esan die babeslekuetan egon daitezela.

Hala, 14:45etik, Euskal Herriko 13:45etik, Ukraina osoan da indarrean aire alerta, misilak erabiliz egindako balizko erasoei aurre egite aldera.

Bitartean, Oleksiy Arestovich Ukrainako Presidentetzako Bulegoaren aholkulariak mezua bota dio G20ari: "Aizu, G20, zer gertatzen da aurrerabidearekin eta negoziazioekin?", idatzi du Twitterren. Lehenago, sare sozial horretan bertan, adierazi du Errusia eraso masiboa ari dela gauzatzen Ukrainan, eta asteartean Balin hasitako goi-bilerarekin lotu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken orduko berriak Ukraina gaur Errusia berriak Vladímir Putin bideoak Albisteak Gaur Albisteak Errusia-Ukraina gerra gaur Ukrainako presidentea