Mundua -
Atentatua Istanbulen
Turkiak milizia kurduei egotzi die erasoa, baina FSD, YPG eta PKKk inplikazio oro ukatu dute
Turkiako Poliziaren arabera, atentatuaren erantzule nagusia Ahlam Albashir da, eta Herriaren Babeserako Unitateak (YPG) milizia kurduak entrenatu zuen Kobanin. "Fikziozko agertoki bat" eraikitzea leporatu diote kurduek Ankarari.
AGENTZIA | EITB MEDIA
Kobanitik (Siria) iritsitako emakume siriar bat, milizia kurduek agente gisa trebatua eta lau hilabetez Istanbulen kamuflatua bonba jarri aurretik. Hori da Turkiako Gobernuaren bertsioa, baina erakunde armatu kurduak ukatu dute.
Turkiako Poliziaren arabera, atentatuaren erantzule nagusia Ahlam Albashir da, eta Herriaren Babeserako Unitateak (YPG) milizia kurduak entrenatu zuen agente gisa, Kobanin.
Hala ere, Mazlum Abdi FSDko komandante gorenak eta Nouri Mahmoud YPGen bozeramaileak ez dute inolako inplikaziorik onartu.
Gutxienez zortzi pertsona hil, eta 81 zauritu dira (horietako bi, larri) Istanbulgo Istiklal etorbide jendetsuan (Turkia) izandako atentatu terroristan, azken balantze ofizialaren arabera.
Erasoa gertatu eta ordu gutxira, ustez bonba zartarazi duen emakume bat atxilotu du Poliziak. Suleyman Soylu Turkiako Barne ministroak gaur goizaldean esandakoaren arabera, Kurdistango Langileen Alderdia dago atentatuaren atzean. Dena dela, oraingoz, inork ez du erasoa bere gain hartu.
"Fikziozko agertoki bat" eraikitzea leporatu diote kurduek Ankarari
"Adierazi nahi dugu gure indarrek ez dutela zerikusirik Istanbulgo atentatuarekin, eta ukatu egiten ditugu leporatzen dizkigutenak", idatzi du Abdik Twitterren, eta Mahmoudek Ankarari leporatu dio "fikziozko agertoki bat" eraikitzea talde armatuaren aurkako "akusazio faltsua" babesteko.
Mahmoudek gaineratu du Turkiako Gobernua Sirian beste operazio militar bat egiteko aitzakiaren bila ari dela atentatu honekin, Siriako eskualde kurduen aurka, datorren ekaineko hauteskundeetan emaitzak lortzeko.
Era berean, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) agintari gorenak, Turkiako gerrilla kurduak, atentatuarekin lotura oro ukatu du gaur agiri batean.