Mundua -
Brasilgo hauteskundeak
Bolsonarok esan du Konstituzioarekin "leiala" izango dela, baina saihestu egin du bere porrota aitortzea
Buruzagi ultraeskuindarrak ez du aipatu Lularen hauteskunde garaipena, eta Gobernuak argitu behar izan du botere aldaketa martxan jarriko dutela.
AGENTZIAK | EITB Media
Jair Bolsonaro Brasilgo jarduneko presidenteak behingoz hitz egin du igandeko hauteskundeen inguruan, eta bere porrota edo Lula da Silvaren garaipena aitortzea saihestu badu ere, Konstituzioarekin "leiala" izango dela nabarmendu du.
Buruzagi ultraeskuindarrak justifikatu egin ditu bere jarraitzaileen protestak eta kamioilariek errepideetan egindako blokeoak, "suminaren" eta "bidegabekeria sentimenduaren ondorio" direlakoan, baina keinu txikia egin du, inplizituki esanda protesta horiek baketsuak izan behar direla: "Protesta baketsuak beti izango dira ongietorriak; geure metodoak ezin dira izan ezkerrarenak, horiek kaltegarriak izan baitira beti herritarrentzat".
Bolsonaroren agerraldiaren ostean, Ciro Nogueira Presidentzia ministroak bai aipatu duela Lula "presidente hautetsia" dela, eta "trantsizio prozesua" abiatuko dutela.
Muturreko eskuineko agintariak galdu egin zituen presidenterako hauteskundeak igandean, baina alde estuaz. Izan ere, botoen % 49,1 eskuratu zituen, eta Lulak, aldiz, % 50,9.
Kamioilarien protestak
Astelehenetik, Bolsonaroren aldeko kamioilariek hainbat errepide blokeatu dituzte hauteskundeen emaitzak ez dituztelako onartzen, eta estatu kolpea eskatu dute agintari ultraeskuindarrak agintean jarraitzeko.
Asteartera arte, 267 errepide blokeatu dituzte herrialdean, datu ofizialen arabera.
Sindikatuek eta Polizia elkarteek protesta horiek hauspotzea egotzi zioten Bolsonarori, hauteskundeen emaitzak ez aitortzeagatik.