Mundua -
INGURUMENA
2030erako airearen kutsadura erdira murrizteko hainbat neurri proposatu ditu Europako Batzordeak
Airearen kutsadurak eragindako heriotzak % 75ean murriztu nahi ditu Europako Batzordeak hamar urtean. 2019an, 300.000 heriotza goiztiar eragin zituen, Europako Ingurumen Agentziaren arabera.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europako Batzordeak ingurumen arloan gaur egun indarrean dauden hainbat zuzentarau berritu ditu, 2050erako airearen eta uraren kutsadura "zero" izateko helburua errealitate izan dadin Europar Batasunean.
Airearen kutsadura eragiten duten partikula txikienak erdira murriztu nahi ditu Europako Batzordeak 2030erako, eta zerora iritsi, 2050erako. Hori lortzeko, Bruselak arauak aldizka berrikusiko ditu —lehena, 2028an—, eta kutsatzaile nagusiaren urteko muga-balioa, partikula finak (PM2,5), nitrogeno dioxidoa eta ozonoa, erdira baino gehiagora murriztuko du.
Europako Batzordeak erdira murriztu nahi ditu 2,5 mikroi azpiko diametroko partikulen kontzentrazioa, ozonoarenak eta nitrogeno dioxidoarenak. Airearen kutsadurak eragindako heriotzak % 75ean murriztu nahi ditu Europako Batzordeak hamar urtean.
Bestalde, kutsaduraren ondorioz osasunean kalteak jasaten dituzten pertsonek agintariei kalteordainak eskatzeko eskubidea izango dute.
Uraren kutsadura
Airearen kutsadura ez ezik, urarena (gainazalekoak, lurpekoak eta hiriko ur zikinak) murrizteko neurriak proposatu ditu Europako Batzordeak. Zehazki, substantzia kutsatzaileen zerrendara 24 gehitu nahi ditu. Gaur egungo 53ko zerrenda horretan daude, besteak beste, plagizidak, industriako produktu kimikoak, metalak, nitratoak eta plagiziden substantzia aktiboak.
Zerrendan sartu nahi direnak hauek dira: PFASak (sukaldeko tresnetan, arropa eta altzarietan, suteen aurkako aparretan eta norberaren zaintzarako produktuetan erabiltzen direnak), glifosatoa, A bisfenola (plastifikatzaile bat), analgesiko eta antiinflamatorio batzuk eta antibiotikoak.
Europar Batasuneko hondakin uretan aurkitutako kutsatzaile toxikoen % 92 farmaziaren eta kosmetikoen industrietatik datozenez, Europako Batzordeak beren bizkar jarri nahi du horiek ezabatzearen kostua.