Mundua -

ERRESUMA BATUA

Rishi Sunak izango da Erresuma Batuko lehen ministro berria

Charles III.a erregeak asteartean eskatuko dio agintari berriari Gobernua osatzeko.

Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministro berria izango dena. Argazkia: EFE
Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministro berria izango dena
Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministro berria izango dena. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rishi Sunak izango da Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadorearen buru berria, baita herrialde horretako lehen ministro berria ere. Gobernuan ez dauden diputatu toryak batzen dituen 1922 Batzordearen buru den Graham Bradyk eman du berria gaur eguerdian. Horren hitzetan, Penny Mordauntek uko egin dio azkenean hautagaitza aurkezteari, ez baitu babes nahikoa lortu alderdiaren barruan, eta horrenbestez, Sunakek bakarrik aurkeztu du hautagaitza.

Liz Trussek joan den ostegunean lehen ministro kargua utzi ondotik deitu zituzten primarioak Alderdi Kontserbadorean. Kargua hartu eta 45 egunera eman zuen dimisioa Trussek, bere plan fiskalak herrialde osoko merkatuak hankaz gora jarri ondoren.

Azken egunotan egin diren primarioetara aurkezteko, Komunen Ganberako kide diren gutxienez 100 ordezkari kontserbadoreren babesa behar zuten hautagaiek. Mordauntek gaur goizean iragarri du, bere sare sozialetan, ez duela hautagaitzarik aurkeztuko, eta Sunak babestuko duela primarioetan. Pauso horrekin, Sunak automatikoki bilakatu da Alderdi Kontserbadoreko buru berri, afiliatuek —160.000 inguru— botoa emateko beharrik gabe. "Aurrekaririk gabeko egunak bizi ditugu. Argi dago ziurtasuna behar dutela alderdikideek", esan du Mordauntek, Sunakek jasotako babes zabalari erreferentzia eginez.

Boris Johnsonen Gobernuan Ekonomia ministro izan zenak, erraz bildu ditu beharrezko abalak Alderdi Kontserbadorearen barruan. Mordaunten aldeko hautua, aldiz, 27 diputatuk bakarrik egin dute publikoki azken egunotan. Gaur arratsaldean, kontserbadoreek Komunen Ganberan duten ordezkariekin bilduko da Sunak, bilera pribatu batean.

Charles III.a erregeak asteartean eskatuko dio agintari berriari Gobernua osatzeko.

Joan den igandean, Johnsonek —uztailean dimititu zuen— baieztatu zuen ez zela berriz Alderdi Kontserbadorearen buruzagi izateko lehiara aurkeztuko, alderdia are gehiago ez zatitzeko.

Jatorri indiarra duen 42 urteko politikariak ospe handia du Erresuma Batuko finantza arloan, besteak beste, inbertsio funts ezagunenetan analista gisa lan egin duelako urte askotan, politikara iritsi aurretik. Herrialdea krisi ekonomikotik ateratzea dela bere helburu nagusia adierazi du behin eta berriz, azken egunotan egindako agerraldietan.

Britainia Handiko politikari aberatsenetakoa da Sunak, eta Brexitaren alde agertu izan da beti, "herrialde libreago, justuago eta aberatsagoa" izateko.

Alderdikideen babesa eta oposizioaren kritikak

Trussek Sunak zoriondu du, eta Exekutiboaren buruan babes osoa agertu dio. Lehenago, David Cameron lehen ministro ohiak zorionak eman dizkio "garai zailetan".

Bere alderdiko diputatuek, ateak itxita egindako bere lehen hitzaldiaren ondoren, txalo zaparrada zaratatsu batekin hartu dute. Kanpoan zain zeuden kazetariek ohiko kolpeak eta txaloak entzun dituzte, parlamentariek horrelako bilera pribatuetan beren liderrari babesa adierazteko erabiltzen dituztenak.

Angela Rayner Alderdi Laboristako bigarrenak "boto zenbaketari ihes egitea" leporatu dio Sunaki, Erresuma Baturako beren lehentasunak zeintzuk izango diren azaldu gabe aukeratu dutelako.

Raynerrek hauteskundeak aurreratzea eskatu du berriro. "Toryek lehen ministro izendatu dute Rishi Sunak, herrialdea zuzentzeko moduari buruz hitz bakar bat ere esan gabe eta inork bozkatzeko aukerarik izan gabe", kritikatu du.

Raynerrek esan duenez, "Ekonomia ministroa izan zenean, ez zuen ekonomia haztea lortu, ezta inflazioa kontrolatu ere, eta ez zien familiei lagundu kontserbadoreek eragindako bizitzaren kostuekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Britainiar lehen ministro ohia Liz Truss azken ordukoa Sunak lehen ministro ohiaren albisteak