Mundua -
ERRESUMA BATUA
Huntek errentaren gaineko zergaren jaitsiera baliogabetu egin nahi du
Argindarraren faktura merkatzeko laguntzak ere murriztu egingo dituztela iragarri du Erresuma Batuko Ekonomia ministro berriak. Oro har, bertan behera utzi ditu Truss lehen ministroak iragarritako neurri ia guztiak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Erresuma Batuan ez dute jaitsiko errentaren gaineko zerga. Hala jakinarazi du gaur Jeremy Hunt Ekonomia ministro britainiarrak, telebista kate baten bidez eskaini duen lehen hitzaldian. Bertan nabarmendu duenez, zorpetze publikoa murriztea eta merkatuak lasaitzea dira bere helburu nagusiak.
Halaber, hil honen hasieran herrialde horretako enpresa eta familientzat argindarraren faktura merkatzeko indarrean sartu ziren dirulaguntzak txikiagoak izango direla iragarri du. Berez, bi urterako ezarri zituzten laguntzak, baina Huntek segituan jarri nahi du abian bere plan fiskala.
Ostiralean hartu zuen Ekonomia ministro kargua Huntek, Liz Truss lehen ministroak Kwasi Kwarteng kargugabetu ondoren. Azken horrek irailaren 23an aurkeztutako zerga planak hautsak harrotu zituen Erresuma Batuan, besteak beste, adituen iritziz, zorra murrizteko neurri zehatzak proposatzen ez zirelako. Finantza merkatuetan kaosa eta nahasmena eragin zituen Kwartengen egitasmoak, eta ordutik, egoera bere onera ekarri ezinda dabil Truss.
Gaurko hitzaldian, Ekonomia ministro berriak lasaitasun mezua igorri die herritarrei, berak mahai gainean jarri duen planak "finantza egonkortasuna bermatuko" duela ziurtatuz. Erresuma Batuko Gobernuaren "premisa nagusi den disziplina fiskala" lehen lerroan jartzeko konpromisoa agertu du.
Trussen "hazkunde plana" bertan behera uzteko Huntek bere asmoen berri eman eta berehala, liberaren balioak gora egin du, eta zor publiko britainiarraren gaineko interesak jaisten hasi dira. Orain, baina, Ekonomia arduradun izendatu berriaren etorkizuna kolokan ikusten dute askok, lehen ministroaren erabakiak zalantzan jarri dituelako.
Kwartengen kargugabetzea iragarri eta berehala, Trussek jakinarazi zuen atzera egingo zuela, eta sozietateen gaineko zerga % 19tik % 25era igoko zuela, enpresa txikientzat izan ezik.