Mundua -
Frantzia
Milaka lagun kalera atera dira Frantzian bizitzaren garestitzearen eta aldaketa klimatikoaren kontra
Ezkerreko hainbat alderdik eta sindikatuk deitutako protestak Parisko kaleak hartu ditu. Nupeseko buruzagi Jean-Luc Melenchonek "ataka estuan" ikusten du Macron presidentea.
O. P. | EITB Media
Azken egunetan frantziar Estatuan piztutako protesta eta ezegonkortasun giroan, hitzordu garrantzitsua izan dute gaur Macronen Gobernuaren politikak begi onez ikusten ez dituzten frantziarrek. Ezkerreko hainbat alderdik eta sindikatuk deituta manifestazio jendetsua egin dute gaur milaka herriatarrek Parisko kaleetan, 140.000 pertsonak, antolatzaileen datuen arabera, 30.000 Poliziaren arabera. Bizitzaren garestitzearen eta aldaketa klimatikoaren aurka egin dute protesta.
Manifestazioaren buruan izan da Frantzia Intsumisoko buruzagi Jean-Luc Melenchon, Annie Ernaux Literaturako Nobel saridun izendatu berriarekin batera.
Melenchonen esanetan, "ukaezinezko arrakasta" izan du deialdiak, eta "ataka estuan" ikusten du Emmanuel Macron presidentea.
Kezka eta gobernuarekiko herra handitzen doa herritarren artean findegien grebaren ondorioz dagoen erregai eskasiagatik. Hain zuzen ere, Nazio plazatik Bastilla plazara joan diren manifestarien artean gehien errepikatu den eskaeretako bat izan da Ukrainako gerra hasi zenetik neurriz kanpoko irabaziak izan dituzten konpainiei zerga berezi bat ezartzea; Gobernua, baina, horren aurka dago momentuz.
Asanblean gehiengorik ez duen Macronen Exekutiboak oposizioaren zentsura mozioa jasan dezake, 2023rako aurrekontu plana bide azkarretik onartzen badu Konstituzioaren 49.3 artikulua erabiliz.
Melenchonek eta Marine Le Pen ultraeskuindarrak, oposizioko bi indar nagusiak ordezkatzen dituztenak, ohartarazi dute Gobernuaren aurkako mozio bana aurkeztuko dutela 49.3a erabiliz gero.
Astearterako, urriaren 18rako, Frantziako sindikatuek "mobilizazio nazionala" deitu dute, erosteko ahalmenaren eta grebarako eskubidearen alde; zehaztu dutenez, halere, ez da greba orokorra izango.
Langileen ordezkariak Gobernuak, dekretuz, lanuzteen eragina arintzeko Exxon eta TotalEnergies findegietako zenbait langile lanera itzultzera behartzearen aurka agertu dira.
Gaur egun, CGT sindikatuak gidatutako grebak Estatuko 200 erregai biltegietatik 5etan du jarraipena, baita 7 findegietako 5etan ere; horietako 2tan, hain zuzen ere, lanera behartu ditu Gobernuak funtzio bereziak dituzten hainbat langile.
Bitartean, herrialdeko gasolindegien herenak erregairen baten eskasia du, edo itxita dago, eta erregaia duten zerbitzuguneetan ilara luzeak daude, eta tentsioa nabaria da gidarien artean.