Mundua -
PROTESTAK
Bizitzaren garestitzearen eta aldaketa klimatikoaren kontra kalera aterako da gaur Frantziako ezkerra
CGT sindikatuak deituta, joan den irailaren 27an herrialde osoko findegietan abiatutako grebak herritarren ezinegona are gehiago azaleratu du, eta gaur Macronen Gobernuari norabidea aldatzeko eskatuko diote kalean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Manifestazio jendetsua espero da gaur Parisen. Bizitzaren garestitzearen eta aldaketa klimatikoaren kontra deitu dute protesta gaurko ezkerreko hainbat alderdik eta sindikatuk, 14:00etatik aurrera, Nazioaren plazatik abiatuta. Findegien grebaren erdian, Emmanuel Macronen Gobernuaren politiken kontrako beste mobilizazio bat izango da gaurkoa.
Datorren astearterako deituta dagoen mazifestazio nazionalaren atarian iritsiko da gaurko protesta; egun horretan, herrialde osoko sektore nagusienak —hezkuntza eta garraioa, besteak beste— geldiarazi nahi dituzte sindikatuek.
Tartean, Frantzia Intsumisioa, Berdeak edota Sozialistak daude gaurko protestaren atzean, eta milaka herritarren babesa espero dute. Frantziako Poliziak ere ehunka agente mobilizatuko ditu, istiluak egotea ez baitute baztertzen.
CGT sindikatuak deituta, joan den irailaren 27an herrialde osoko findegietan abiatutako grebak herritarren ezinegona are gehiago azaleratu du. Sindikatu horrek ez du ontzat jo enpresak bi sindikatu nagusiekin lortutako akordioa eta grebari eusteko deia egin du.
Akordioak % 5eko soldata-igoera orokorra aurreikusten du langileentzat eta teknikarientzat, eta % 3,5ekoa goragoko estatutua duten langileentzat.
CGTk, hala ere, % 10eko soldata igoera eskatzen du: % 7 inflazioaren igoera konpentsatzeko eta % 3 gehiago enpresaren etekinen birbanaketarako.
TotalEnergiesen irabaziak 10.600 milioi dolarretara igo ziren 2022ko lehen seihilekoan, Errusiak Ukraina inbaditu eta mendebaldeak Moskuri ezarritako zigorren ostean.