Mundua -
ERRESUMA BATUA
Liz Truss lehen ministro britainiarrak Ekonomia ministroa kargugabetu du
Kwasi Kwarteng ministroa jotzen dute Erresuma Batuko Gobernuak proposatutako erreforma fiskalaren egiletzat. Plan horrek 45.000 milioi libera gutxiago biltzea ekarriko zuen, eta ez zituen merkatuak konbentzitu, ezta Alderdi Kontserbadoreko hainbat kide ere. Jeremy Hunt izango da ministro berria.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Liz Truss Erresuma Batuko lehen ministroak kargutik kendu du Kwasi Kwarteng Ekonomia ministroa, zerga erreforma proposamenak eragindako polemikagatik. Plan horrek ez zituen merkatuak konbentzitu, ezta Alderdi Kontserbadoreko hainbat kide ere.
Kwasi Kwartengek irailaren 7an hartu zuen Ekonomia ministerioaren ardura, Liz Truss Erresuma Batuko lehen ministro izendatu ondoren. Jeremy Hunt Osasun eta Atzerri ministro izandakoa izango da Ekonomia ministro berria.
Erresuma Batuko Gobernuak zergak jaisteko aukera jarri zuen mahai gainean. Plan horrek 45.000 milioi libera gutxiago biltzea ekarriko zuen, eta ez zituen merkatuak konbentzitu, ezta Alderdi Kontserbadoreko hainbat kide ere. Diru merkatuetan ere beldurra eragin zuen. Testuinguru horretan, Liz Trussek atzera egin zuen, eta erretiratu egin zuen aberastasun handien gaineko zerga % 45etik % 40ra jaisteko egindako proposamena.
Alderdi Kontserbadoreko hainbat kidek Liz Truss bera kendu nahi dute. Dena dela, aste honetan bertan, lehen ministroak esan du ez duela hauteskundeak aurreratzeko asmorik.
Alfred Kammer Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) Europako departamentuko zuzendariak pozik hartu du Erresuma Batuak atzera egin eta bere zerga-plana "berriro orekatu" izana, eta herrialde horrek egonkortasun ekonomikoari eusteko "beharrezkoa dena egiteko" duen konpromisoan konfiantza agertu du.
Bestalde, Nicola Sturgeon Eskoziako ministro nagusiak "dimisioa" emateko eskatu dio Trussi. Twitterren zabaldutako mezu batean, Sturgeonek "dimisioa" emateko eskatu dio lehen ministroari, eta kargua uzteari uko egiten badio, bere diputatuek hauteskunde orokorrak egiteko presioa egin beharko luketela esan du.
"Liz Trussek egonkortasun ekonomikoagatik egin lezakeen onena dimisioa ematea da", adierazi du buruzagi independentistak.
Sturgeonen arabera, "bere erabakiek ekonomia zanpatu dute eta bizitzaren kostuagatik krisiarekin arazoak zituzten herritarrak miserian murgildu dituzte". "Diputatu 'toriek' orain egin dezaketen gauza on bakarra euren Gobernuaren (Trussekoa) amaiera eskatzea eta hauteskundeak egiten uztea da", zehaztu du.