Mundua -

FRANTZIA

Total Energies konpainiak hilabeteko soldataren pareko prima bat iragarri du mundu osoko langileentzat

CGT sindikatuak dio ez dela nahikoa eta soldatak % 10 igotzea eskatu du. Frantziako Gobernuak bi aldeei begiratu die. Alde batetik, langile gehiago indarrez mobilizatzeko mehatxua egin du, eta, bestetik, soldatak igotzeko eskatu dio konpainiari.

Total Energies konpainiaren gasolindegi bat itxita, Nizan (Frantzia). Argazkia: EFE
Total Energies konpainiaren gasolindegi bat itxita, Nizan (Frantzia)
Total Energies konpainiaren gasolindegi bat itxita, Nizan (Frantzia). Argazkia: EFE

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako gasolindegietako hornidura faltak bere horretan jarraitzen du. Oraingoz, langileek eta konpainiak bakoitzak bereari eusten diote, nahiz eta Gobernuak greban dauden langile batzuk lan egitera behartu dituen.

TotalEnergies enpresak gaur goizean iragarri duenez, hilabeteko soldataren pareko prima bat emango die mundu osoko bere langileei. CGT sindikatuak dio ez dela nahikoa eta soldatak % 10 igotzea eskatu du: batetik, inflazioak eragindako erosahalmenaren galera konpentsatzeko; bestetik, langileek enpresa eskuratzen ari den aparteko mozkinen zati bat jasotzeko.

Frantziako Gobernuak, berriz, bi aldeei presioa egiten jarraitzen du. Lanuzteak alde batera utzi ezean, langile gehiago lanera behartzeko mehatxua egin du. Era berean, enpresari esan dio langileen soldatak berehala hobetu behar dituela.

Philippe Martinez CGTko idazkari nagusiak "suari egur gehiago botatzea" leporatu dio gaur goizean Frantziako Gobernuari. Izan ere, Exxon Mobil konpainiak Gravenchon-Port Jeromen (Normandia) duen findegiko lau langile lan egitera derrigortu dituzte. CGTko ordezkariak hitz egin ondoren jakin da TotalEnergies enpresaren Dunkerqueko (Normandia) biltegiko bost langilek berriro lan egiteko agindua jaso dutela.

Emmanuel Macron presidenteak atzo France 2 telebistari eskainitako elkarrizketa batean adierazi zuen lan gatazka negoziazio mahaian konpondu behar dutela enpresak eta sindikatuek. Egoera desblokeatzen ez bada, langile gehiago behartuko dituztela ohartarazi zuen Macronek. Dena dela, espero du gasolindegietako egoera normaltasunera itzultzea datorren astean.

Frantziako Gobernuak emandako datuen arabera, herrialdeko hiru gasolindegietatik ia batean (% 30) erregaia falta da. Erregai eskasia Pariseko eskualdean eta Hauts de France eskualdean nabari da gehien.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albiste garrantzitsuak Frantzia bideoak Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Macron azken ordukoa Lan gatazkak azken ordukoa Frantziako Gobernua gaur Gasolioaren prezioaren igoera