Mundua -
Iran
Irango telebista kate nazionala hackeatu dute, "Emakumea, askatasuna, bizitza" oihupean
Jameini ayatollah telebistan zegoela, katea hackeatu dute eta Irango buruzagiaren irudia erakutsi dute, sugarrez inguratuta eta arma-mira baten barruan. Azpian, protestetan hildako gazteen argazkiak zeuden, tartean, polizia-zaintzapean hildako Masha Amini berarena ere.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Masha Aminiren heriotzak piztutako protestetan Ali Jamenei Irango buruzagia dute kritiken helburu, eta nonahi entzungai izaten ari dira "diktadorea hil dezala" bezalako oihuak. Oraingoan, Jameneik telebistan egindako agerraldi bat hackeatu dute.
"Gure gazteen odolaz beteta dituzu eskuak", hitzak irakurgai izan ziren larunbat honetan Irango telebista-kate nazionaleko gaueko albistegian izandako ziber eraso batean.
Jamenei beste apaizekin zegoela, bat-batean, emisioa moztu da eta Irango ayatollaharen irudia erakutsi dute, sugarrez inguratuta eta arma-mira baten barruan. Azpian, protestetan hildako gazteen argazkiak zeuden, tartean, Masha Amini berarena ere. Horren bitartean, ahots batek protestetako leloa errezitatzen zuen: "Emakumea, askatasuna, bizitza".
Behin irudia moztuta, albistegietako aurkezlea izan da ikusgai, muturbeltz, esanez: "ikusle maiteak, gainerako albisteak ikustera gonbidatzen zaituztet".
Edalat-e Ali hacker-taldeak (Aliren Justizia) ekintzaren erantzukizuna bere gain hartu du.
Mahsa Amini, 22 urtekoa, irailaren 16an hil zen, Teherango Moralaren Poliziak hiru egun lehenago atxilotu ondoren, belo islamiarra gaizki jarrita zeramala iritzita.
Irango Auzitegi Medikuntzako Erakundeak ostiral honetan adierazi duenez, Amini aurretik izandako gaitz baten ondorioz hil zen, eta ez Poliziaren kolpeen ondorioz. Familiak salatzen jarraitzen du Amini poliziaren zaintzapean zegoela jaso zuen jipoiaren ondorioz hil zela.