Mundua -
Ukrainako gerra
Autoak eta trenak hasi dira berriz joan-etorrian Krimeako zubian kaltetu ez diren errei eta errailetan
Leherketa batek kalte handia egin dio Errusia eta Krimea lotzen dituen Kertx zubiari. Errusiak ikerketa iragarri du; eta Ukrainan ospatu egin dute gertatutakoa, baina ardura beren gain hartu gabe. Gutxienez hiru dira hildakoak.
agentziak | eitb media
Larunbat honetan Krimeako zubian izandako leherketaren ondorioz kalterik izan ez duten erreietan autoak igarotzen hasi dira dagoeneko, baita trenbidean ere, tokiko agintariek eta trenbideetako agintariek adierazi dutenez.
"Ibilgailuak hasi dira Krimeako zubian zehar joan-etorrian. Oraingoz, trafikoa zabalik dago automobilentzat eta autobusentzat, ikuskapen-prozedura sakonarekin", Sergei Aksionov Ukrainako penintsula okupatuko gobernadoreak Telegrameko kanalean esan duenez.
Aksionovek kamioi-gidariei eskatu die beren ibilbidea planifikatzeko Kertx itsasartea gurutzatzen duen ferria erabiliz.
Errusiako Garraio Ministerioaren arabera, zubiko trenbide-zirkulazioa ere berriz hasi da.
Leherketa zubi gainea
Kertx zubia, Errusia eta Krimea lotzen dituen bide nagusietako bat, oso kaltetuta geratu da gaur goizean izandako leherketa handi baten ondorioz. Errusiako agintarien arabera, lehenik kamioi bat lehertu da, eta atzetik tren batek zeramatzan zazpi erregai tangek egin dute eztanda. Kamioiaren leherketaren ondorioz auto batean zihoazen hiru pertsona hil dira, aipatu iturriek zehaztu dutenez.
"Errusiako Ikerketa Batzordeko ikertzaileak gertakariaren nondik norako guztiak eta delituan parte hartu duten pertsonak aztertzen ari dira", zabaldu du Kremlinen mendeko albiste-agentziak Telegram bidez.
Krimeako zubi ere deitzen zaion azpiegitura hori oso garrantzitsua da logistikoki Errusiak Krimean eta Ukraina hegoaldean okupatu dituen lurraldeetako indarrentzat. 2018an Vladimir Putin Errusiako presidenteak irekitako 19 kilometroko zubian autobide bat eta trenbidea daude, eta 2014an penintsula Moskuren esku geratu zenetik eraiki den azpiegitura handiena da.
Sergei Aksionov Krimeako gobernuburuak jakinarazi du leherketak autobidearen bi tarte eraitsi dituela. Autoen eta kamioien zirkulazioa erabat eten dute, eta ferry zerbitzua jarri dute Kertx itsasartea igarotzeko.
Errusiako Terrorismoaren Aurkako Batzorde Nazionalaren arabera, leherketa katea kamioi baten eztandak eragin du, "ondoren Krimeako penintsulara zihoan tren bateko zazpi erregai tanga" leherrarazi dituelako, TASS agentziak jakinarazi duenez.
Vladimir Konstantinov Krimeako Estatu Kontseiluko presidenteak jada Ukrainari egotzi dio gertatutakoa: "Ukrainako gaizkileak Krimeako zubira iritsi dira odolez zikindutako eskuekin. Orain harro egoteko moduko zerbait dute: 23 urteko kudeaketan ez zuten aparteko ezer eraiki Krimean, baina errusiar zubia kaltetzea lortu dute. Hori da Kieveko erregimenaren esentzia. Heriotza eta suntsipena da lortzen duten bakarra".
Ukrainak ospatu egin du
Ukrainan ospatu egin dute gertatutakoa, baina euren gain ardurarik hartu gabe, Ukrinform agentziaren arabera.
Gainera, bertako aireko indarrek hauxe idatzi dute zubiaren "suntsiketa"ri buruz Telegramen: "Gaur goizean Krimeako zubian. Erregai tangak sutan daude. Errepidearen zati bat ere suntsituta! Guztia izango da Ukraina!".
Zaporijiako zentral nuklearra, deskonektatuta
Bestalde, Ukrainako eta Errusiako agintariek baieztatu dute Zaporijiako zentral nuklearra berriro deskonektatu dutela sare elektrikotik gauean izandako bonbardaketak direla eta.
Ukrainako Gobernuak uste du zentrala soilik hamar egunez egon daitekeela martxan era horretan.
Europako zentral handiena da gaur egun Errusiako armadaren esku dagoena, eta irailaren 5ean ere kendu zuten sare elektrikotik.