Mundua -
hilketa
Polizia ohi batek 34 pertsona hil ditu, tartean 22 haur, Thailandiako haurtzaindegi batean izandako tiroketan
Hiltzailea 34 urteko polizia ohi bat da, eta erasoa egin ondotik, bere buruaz beste egin du. Tiroketan, emaztea eta semea ere erail ditu.
eitb media
Gutxienez 34 pertsona hil ditu polizia ohi batek Thailandia iparraldean dagoen haurtzaindegi batean izandako tiroketa odoltsuan, tartean 22 haur. Na Klang herrian gertatu da, Nong Bua Lamphu probintzian. Ikasleez gain, hildakoen artean irakasleak eta poliziak ere badaude, eta erasotzaileak emaztea eta semea ere erail ditu.
Poliziak azaldu duenez, erasotzailea 34 urteko polizia ohi bat da, eta su arma batekin eta hainbat arma zurirekin sartu da ikastetxean. Erasoa egin ondotik, hasiera batean ihes egin duela zabaldu bada ere, ondoren, bere buruaz beste egin duela adierazi dute poliziaren iturriek.
Prayut Chan-o-cha herrialdeko lehen ministroak doluminak eman dizkie biktimen familiei.
Armak izateko baimen kopurua handia bada ere Thailandian, tiroketa masiboak ez dira oso ohikoak. Dena dela, gogoratu behar da 2020an, militar batek 30 pertsona hil eta 58 zauritu zituela tiroz Nakhon Ratchasima hirian, Thailandiako ipar-ekialdean.