Mundua -

Erresuma Batua

Truss, zerga erreforma bertan behera utzi ostean: "Neurri gogorrak hartzeko prest jarraitzen dut"

Lehen ministro britainiarrak alderdikideei eskatu die "lehenbailehen" bat egiteko bere egitasmo ekonomikora. "Misio zaila da, baina beharrezkoa", argudiatu du.

Truss, Alderdi Kontserbadorearen kongresuko hitzaldi bat entzuten, atzo. EFE
Truss, Alderdi Kontserbadorearen kongresuko hitzaldi bat entzuten, atzo.
Truss, Alderdi Kontserbadorearen kongresuko hitzaldi bat entzuten, atzo. EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Liz Truss Erresuma Batuko lehen ministroak gaur azpimarratu duenez, "neurri gogorrak hartzeko prest" dago oraindik ere, bere gobernuak atzera egin, eta iragarritako zerga erreforma bertan behera utzi dituen arren. "Misio zaila da, baina beharrezkoa", erantsi du.

Alderdi Kontserbadorea kongresua egiten ari da egunotan Birminghamen (Ingalaterra erdialdean), eta itxiera hitzaldia eman du gaur Trussek. Bere gobernuak bultzatutako plan ekonomikoa defendatu du, eta horrekin bat egiteko deia egin die alderdikide eta jarraitzaileei, "lehenbailehen egin ere".

Buruzagi kontserbadorearen esanetan, "status quoa mantentzea ez da aukera bat" eta azpimarratu du eurena zerga baxuen alderdia izango dela beti. "Herritarrek badakite zertan gastatu. Hori da, hain justu, kontserbadurismoa: askatasunean, justizian eta herri britaniarraren ahalmenean sinestea", argudiatu du.

Dena dela, onartu du iragarritako neurriak "gogorrak" izan daitezkeela, eta litekeena dela "mundu guztia alde ez egotea". Proposatutako egitasmoaren arabera, enpresei eta finantza sektoreari ezarritako zergak jaistea zen helburua, eta hori zorraren bitartez ordaintzea. "Azkenean, Erresuma Batu osoari egingo dio mesede", Trussen hitzetan.

Hitzaldia tarte batez eten behar izan du lehen ministroak, Greenpeaceko bi aktibista oihuka hasi baitira. Gobernuaren ingurumen politikoen inguruko pankarta bat erakutsi dute ("Nork bozkatu du horren alde?" zioen pankartak, frackingaren kontura exekutibo britainiarrak darabilen politika tarteko). Segurtasun indarrek azkar batean irtenarazi dituzte, dena dela.

Greenpeaceko ekintzaileek Liz Trussen hitzaldia eten dute ''torien'' batzarrean
Greenpeaceko ekintzaileek Liz Trussen hitzaldia eten dute ''torien'' batzarrean
Greenpeaceko ekintzaileek Liz Trussen hitzaldia eten dute ''torien'' batzarrean

0:39

Kwasi Kwarteng Ekonomia ministroak irailaren 23an aurkeztu zuen zerga erreforma. Beste neurri batzuen artean, zerga tarte altuena jaistea aurreikusten zuen (aberatsenei ezartzen zaien % 45eko tasa kentzea zen asmoa). Neurriak matxinada eragin zuen alderdi kontserbadorearen barruan, eta libera eta burtsa hankaz gora jarri zituen.

Azken inkesten arabera, Boris Johnson lehen ministro ohiak baino onarpen maila baxuagoa du gaur-gaurkoz Trussek. 

Inkestak hobetu ezean, hura ordezkatzeko aukera bolo-bolo omen dabil Alderdi Kontserbadorearen barruan. Grant Shapps Garraio ministro izandakoak atzo ohartarazi zuenez, 10 eguneko epea eman diote Trussi "180 graduko jauzia egiteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eskozia Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Brexita Londres Ingalaterra Zerga politika Liz Truss