Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Europar Batasunak Errusiaren aurkako zortzigarren zigor sorta adostu du, petrolioaren prezioa mugatzea barne
Horrela erantzun diote Europar Batasuneko 27 estatuek Errusiak Ukraina ekialdeko Donetsk, Luhansk, Kherson eta Zaporizhia eskualdeak anexionatu izanari.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europar Batasuneko 27 estatukideek Errusiaren aurkako zortzigarren zigor sorta adostu dute, tartean, Errusiako petrolioaren prezioari muga jartzea. Errusiak Ukraina ekialdeko Donetsk, Luhansk, Kherson eta Zaporizhia eskualdeak anexionatu ondoren, horrela erantzun du Europar Batasunak.
Gaur-gaurkoz Kontseilu Europarreko presidentetza dagokion Txekiar Errepublikak eman du akordioaren berri. Azaldu duenez, 27 herrialdeek Errusiaren kontrako zigorren inguruko "akordio politikoa" lortu dute gaur goizean.
Errusiatik datorren petrolioaren prezioari muga jartzeak esan nahi du ez zaiela petrolio ontziei Europan nabigatzeko baimenik emango baldin eta petrolioak salneurri zehatz bat gainditzen badu. Helburua Errusiako Gobernuaren diru sarrerak murriztea da.
Orain Europar Batasunak egin bezala, aurrez G7 taldeak Errusiako petrolioaren prezioa mugatzea adostu zuen.
Halaber, Errusiatik produktu gehiago inportatzeko debekua ere ezarriko du. Adibidez, altzairua, egurra, papera, plastikoa, osagai kimikoak eta tabakoa, haren diru sarrerak murrizteko. Halaber, Europar Batasunetik Errusiara goi mailako teknologia esportatzeko debekua aplikatuko da.
Norbanakoen eta enpresen "zerrenda beltza" ere handitu egingo du Europar Batasunak.
Dena dela, zortzigarren zigor sortaren xehetasun guztiak ezagutzea falta da oraindik.
Batasuneko iturrien arabera, testua idazten ari dira. Asmoa da ostegunean aldizkari ofizialean argitaratzea berehala indarrean sartzeko.