Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Gutxienez 26 pertsona hil dituzte Kupiansken, Kharkiv eskualdean, konboi humanitario bati eraso eginda
Atzo, beste 30 pertsona hil eta 88 baino gehiago zauritu zituzten, Zaporizhiako eskualdean, beste konboi humanitario baten aurka izandako erasoan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ukrainako Gobernuak salatu duenez, Errusiak ebakuazio humanitarioko konboi baten aurkako beste eraso bat egin du Kupiansken, Kharkiv eskualdean (Ukrainaren ipar-ekialdean), eta gutxienez 26 pertsona hil eta 81 zauritu ditu.
Oleg Sinegubov gobernadore ukrainarrak adierazi duenez, "Errusiako okupatzaileek bonbardaketetatik ihes egin nahi zuten zibilei eraso egin diete" eta "justifikaziorik ez duen basakeria" dela salatu du Telegrameko bere kanalean.
Lehen zantzuen arabera, S-300 hegazkinen aurkako hiru jaurtigailuk jo dute konboiaren kontra. Erasoa izan den tokian hasita dago jada gertatua argitzeko ikerketa.
Irail hasieran askatu zuten Kupiansk Ukrainako indarrek baina oraindik ere borrokak izaten dira bertan.
Atzo beste eraso bat salatu zuen Ukrainak. Errusiak Zaporiyia eskualdean "konboi humanitario" baten aurkako erasoa egin zuela jakinarazi zuen, gutxienez 30 hildako eta 118 zauritu utziz. Errusiak, baina, Ukraina izan dela esan du.
Ukrainako tropak Limanera sartu dira eta kontraerasoan ari dira
Bestalde, Ukrainako tropak Liman hirira sartu dira gaur, Donets iparraldean, Errusiak lurralde okupatuen anexioa aldarrikatu eta Volodiímir Zelenski presidenteak Ukraina NATOra "azkar" sartzea eskatu ondoren gelditu ez den kontraerasoaren erakustaldi gisa.
Andriy Yermak Ukrainako presidentetzaren kabineteburuak Ukrainako tropek Limen grabatutako bideo bat argitaratu du. Soldadu ukrainarrak ikusten dira bandera ukrainarra jartzen hiriaren sarrerako seinalean.