Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
45 pertsona hil dira Ian urakanaren ondorioz Floridan, CNN katearen arabera
Floridako agintariek, berriz, 23 hildako zenbatu dituzte ofizialki, 22 eta 92 urte bitartekoak. Joe Biden presidenteak adierazi du Ian izan daitekeela Floridako estatuko urakanik hilgarriena.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Floridako agintariek baieztatu dute gutxienez 23 pertsona hil direla Ian urakanaren ondorioz Floridan, AEBn. Dena den, kopuru hori nabarmen handitu liteke; izan ere, CNN telebista katearen zenbaketaren arabera, hildakoak 45 dira, ia bikoitza.
Floridako Auzitegiko Medikuen Batzordeak jakinarazi duenez, biktimek 22 eta 92 urte bitartean dituzte, eta gehienak itota hil omen dira.
Fenomeno meteorologikoak joan den asteazkenean laugarren kategoriako urakan gisa lurra jo zuen Floridan, eta haize bortitzak eta prezipitazio handiak eragin ditu.
Estatu Batuetako Kostako Guardiak estatu osoan 275 erreskate-operazio egin ditu aste honetan. "Ezagutzen ez ditugun eremuetan ari gara lanean. Erreferentzia puntu izan ziren eraikinak ez daude", esan du kide batek.
Joe Biden Estatu Batuetako presidenteak, bere aldetik, adierazi du Ian Floridako estatuan inoiz izandako urakanik hilgarriena izan daitekeela.
Azken orduetan, Ianek indarra galdu du Hego Carolinan, eta dagoeneko zikloi tropikal batean bihurtu da.