Mundua -
Hauteskundeak Brasilen
Datozen urteotan presidente izango dena aukeratzeko prest dira Brasilen
Jair Bolsonaro kontserbadoreak beste lau urtez jarraitzea du helburu, baina zaila izango du, Luiz Inacio Lula da Silva presidente ohi progresista baita inkesta guztietan presidente hautatua izateko faboritoa.
O. P. | EITB Media
Pandemiaren kudeaketa ukatzaileak, erakunde demokratikoen aurkako etengabeko erasoek, albiste faltsuei emandako oihartzunak eta Luiz Inacio Lula da Silva etsai politikoaren itzulerak markatutako lehen legegintzaldiaren ostean, beste lau urte eman nahi ditu boterean Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak.
Lula agertu da Brasilgo herritarren artean faborito eskubide politikoak berreskuratu zituenetik argitaratu diren inkesta guztietan. Ustelkeriagatik epaitu eta zigortu zuten, eta 580 egun eman zituen espetxean, harik eta Auzitegi Gorenak haren kontrako zigor guztiak aho batez baliogabetu zituen arte, frogatu baitzen zigortu zuen epaileak ez zuela modu inpartzialean jokatu. Politikara itzulita, zaila izango du Bolsonarok hura atzean uztea.
Lulak, aurreko agintaldian (2003-2010), ospe handia izan zuen langile-klaseen eta errenta baxuenak dituzten herritarren artean, eta haren aldeko boto-asmoa % 45etik gora kokatzen dute inkestek; are gehiago, aurreikuspen baikorrenek lehen itzulian lehia erabakita geratzea espero dute. Gizarteko geruza zabalen babesa du, hala nola gazteak, langabetuak, errenta baxuko familiak, ikasleak, emakumeak eta baita katolikoak ere.
Bolsonarori % 36ko babesa iragartzen diote inkestek, eta lehen itzuliko erronka nagusi izango du faboritoarekiko aldea murriztea bigarren itzulira pasatzeko. Egungo presidenteak azken lau urteetako politiken bidetik eutsiko duela hitzeman du, batez ere, estatu-enpresa estrategikoen pribatizazioari dagozkionak, Petrobras kasu; haren bitartez bete nahi du bere kanpainako promesa handiena dena, munduko erregairik merkeena izatea. Sektore kontserbadoreenen eta aberatsenen babesa du, baina Eliza Ebanjelikoko kideena ere, Brasilen botere handia dutenak.
Lulak hauteskundeak irabaziko balitu ere, Kongresua Brasilgo historia hurbileko kontserbadoreena izango da ziurrenik, eta hori erronka garrantzitsua izango da buruzagi sindikal ohiarentzat, bere promesen artean programa sozialak areagotzea eta ingurumen-kontrol handiagoak ezartzea baitaude.
Telebistako azken eztabaida
Igande honetan jokatuko den lehen itzuliaren atariko, ostegunean, telebistari adi izan dira brasildarrak, hautagaien arteko azken eztabaidari so. Bi hautagai nagusien arteko erasoak eta akusazioak izan dira eztabaida horretan nabarmenena.
Lula da Silvaren kontrakoak izan ziren eraso gehienak, haren aurka egin zuten gainerako hautagai guztiek, lider progresistak igandean bigarren itzulirik behar izan gabe izendapena bermatuko duen beldur. Horren aurrean, Lulak bere burua defendatu behar izan du, batez ere bere gobernuko ustelkeria eskandaluen inguruko erasoen aurrean.
Bolsonaro ere, maila txikiagoan, erasoen jomuga izan da, Lularen partetik, batez ere; hark egungo Gobernuaren eta presidentearen senideen ustelkeria eskandaluak ekarri ditu ahora.
Gainerako hautagaiek Bolsonaro ere eraso zuten, herrialdean 686.000 hildako inguru utzi dituen pandemiaren aurrean egindako zalantzazko kudeaketarengatik; brasildarrak gosez daudela ukatzen duten adierazpenengatik, eta mundu osoan kritikatzen diren ingurumen politikak garatzeagatik.
Jarraipena EITBn
EITBk gertutik jarraituko du hauteskunde eguna, bai erredakzioetatik bai bertatik bertara.
Arantxi Padilla, EITBk Latinoamerikarako duen berriemailea, bertan da hauteskundeen aurreko orduetan herritarren arteko sentipenen eta giroaren lekuko.
Igandean, hauteskunde eguneko interes puntuetan izango da Padilla, eta bertatik bertara emango du egunak uzten duenaren berri.