Mundua -
GASA
Nord Stream 1 eta 2 gasbideetan laugarren ihesa antzeman dute
Lau ihesak Baltiko itsasoan gertatu dira, nazioarteko uretan, Danimarkatik eta Suediatik gertu. Hipotesi nagusia sabotajearena da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Suediako kostazainek laugarren ihesa antzeman dute Errusia eta Europa Erdialdea lotzen dituzten Nord Stream 1 eta 2 gasbideetan. Lau ihesak Baltiko itsasoan gertatu dira, nazioarteko uretan, Danimarkatik eta Suediatik gertu. Hipotesi nagusia sabotajearena da.
Europako hainbat herrialdek, Europar Batasunak eta Estatu Batuek uste dute Nord Stream 1 eta 2 gasbideetan izandako ihesen atzean sabotajea egon daitekeela.
Danimarkaren eta Suediaren esanetan, ihesak nahita egindako ekintza baten ondorio dira, eta ez istripu bat, baina ez dute espekulatu balizko zergatiaren edo egilearen inguruan. Suediako sismologoak harago joan dira eta leherketak baieztatu dituzte ihesak izan baino ordu batzuk lehenago.
Europar Batasunak uste du Nord Stream 1 eta 2 gasbideetan izandako ihesak "nahita egindako ekintzen ondorio" direla, eta ohartarazi du "modu bateratu eta sendoan" erantzungo duela bere teoria frogatzen bada.
Errusiak ikerketa bat egiteko beharra azpimarratu du, eta, aldi berean, Ameriketako Estatu Batuak ihesari etekina ateratzen ari dela iradoki du.
AEBk, ostera, uko egin dio espekulazioetan sartzeari.
Nord Streameko enpresa operadoreak, Nord Stream AGk, asteartean adierazi zuen astelehenean hodietan izandako kalteek ez dutela "aurrekaririk", eta oraingoz ez dakitela zergatik gertatu diren.