Mundua -
italiako alderdi demokrata
Enrico Letta alboratu egingo da Italiako hauteskundeetako emaitzak ezagutu ondoren
Italiako Partito Democratico alderdiko liderrak iragarri duenez, ez da PDko idazkari nagusi gisa berriz aurkeztuko martxoan izatekoa den batzarrean, eta lidergoa utziko du hauteskundeetako emaitza kaskarren berri izan ondoren.
agentziak | eitb media
Enrico Letta Italiako Partito Democratico (PD) alderdiko liderrak astelehen honetan hitz eman duenez, oposizio "gogorra eta zorrotza" izango dira, eta ez dute baimenduko "Italia Europaren bihotzetik eta Europako balioetatik" irtetea, igande honetako hauteskunde legegileetan Giorgia Meloniren ultraeskuinak eta haren aliatu eskuindarrek lortutako garaipenaren berri izan ostean.
Gainera, Lettak iragarri du ez dela PDko idazkari nagusi gisa berriz aurkeztuko martxoan izatekoa den batzarrean, eta lidergoa utziko duela emaitza kaskarren ostean. Izan ere, % 20 azpitik gelditu da alderdia.
"Italiarrek argi eta garbi hautatu dute, eskuina aukeratu dute, eta eskuineko Gobernu bat izango dugu. Egun goibela da Italiarentzat, Europarentzat, eta egun gogorrak datozkigu. Ahal izan dugun modu guztietan borrokatu gara hau ekiditeko, gure balioengatik eta Italiaz eta gure etorkizunaz sortutako ideia batengatik", adierazi du.
Duela urtebete inguru PDko agintea hartu zuen lider sozialdemokratak esan duenez, alderdia "gai da oposizioa egiteko, lehenago ere egin izan dugu", eta "gogorra eta zorrotza" izango da.
Haren aburuz, hauteskunde kanpaina honetan PD zigortu duena izan da "beti egon garela Gobernuan, nolabait".
Lettak uste du alderdiak bere esku zegoen guztia egin zuela eskuinaren aurreko "alternatiba sinesgarri" bat eraikitzeko, abantaila handia baitzuen zundaketetan, eta emaitzak "txartzat" baditu ere, nabarmendu du PD herrialdeko bigarren indarra dela, eta lehena izango dela oposizioari dagokionez.