Mundua -

Gerra Ukrainan

Lurralde okupatuetako erreferendumaz hitz egiteko premiazko bilera eskatu dio Ukrainak NBEri

Errusiako Atzerri ministroak ohartarazi duenez, Errusiako Federazioak anexionatutako lurraldeetan defentsarako doktrina nuklearra ezarriko da berehala. Bestalde, Ukrainako presidenteak bermeak eskaini dizkie amore emandako soldadu errusiarrei.

Erreferendumak Ukrainako lurralde okupatuetan. Argazkia: EFE
Erreferendumak Ukrainako lurralde okupatuetan. Argazkia: EFE
Erreferendumak Ukrainako lurralde okupatuetan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Batzordearen premiazko bilera eskatu du larunbat honetan Ukrainako Gobernuak, Errusiak okupatutako Ukrainako lurraldeetan egiten ari diren erreferendumaz eztabaidatzeko.

Oleg Nikolenko Ukrainako Atzerri Ministerioaren bozeramaileak premiazko batzarra eskatu du "okupatutako lurraldeetan Errusiak abiatutako galdeketa faltsuen" gainean mintzatzeko. "Nazioartean onartutako mugen aldaketa saiakeragatik kontuak eman behar ditu Errusiak, NBEko Gutuna urratzen baitu", esan du Nikolenkok Twitter bidez.

Ostiralaz geroztik Errusiaren aldeko agintariak erreferendumak egiten ari dira Errusiak okupatutako Jerson, Zaporiyia, Donetsk eta Lugansk lurraldeetan, Errusiako Federazioarekin anexionatzeko helburuz.

"Galdeketen hasierako emaitzak eta horiek ontzat hartzeko Errusiaren jarrera ikusita, litekeena da okupatutako Ukrainako lurralde horiek irailaren 30ean sartzea Errusiako Federazioan", azaldu du Parlamentuko iturri batek, TASS albiste-agentziak aipatuta.

Bermeak preso errusiarrentzat

Bestalde, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak bermeak eskaini dizkie amore emango duten soldadu errusiarrei. Errusieraz zuzendu zaie esateko Errusiako agintariak "jakinaren gainean" daudela euren herritarrak "heriotzara" bidaltzen ari direla.

"Hobe da errekrutatzeko eskutitz bat ez hartzea, atzerriko lurralde baten gerra-kriminal bezala hiltzea baino. Hobe ihes egitea, zauritzea eta gerra batean parte hartzeagatik epaitua izatea baino", ondorioztatu du Zelenskik bere herrialdeari zuzendutako hitzaldian.

Doktrina nuklearra

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak ohartarazi duenez, Errusiako Federazioak anexionatutako lurraldeetan defentsarako doktrina nuklearra ezarriko da berehala.

"Errusiako Federazioaren Konstituzioan jasota dagoen lurraldea zabaldu daiteke, eta Estatuaren babesaren menpe dago. Erabat naturala da", esan du Lavrovek New Yorken, NBEko Batzar Orokorreko urteko saioan.

"Errusiako Federazioaren lege, doktrina, kontzeptu eta estrategia guztiak Errusiako lurraldearen osotasunean ezarri ohi dira", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Vladímir Putin NBE Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski