Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Aurrera jarraitzen dute Errusiak Ukrainako lurralde okupatuak atxikitzeko abiatutako galdeketek

Nazioarteak ohartarazi du ez duela aintzatetsiko erreferenduma, eta Ukrainako agintariek salatu dute errusiar soldaduak mehatxuen bitartez ari direla boto ematera behartzen.

Herritarrak Luhanskeko hautesleku batean bozkatzen. Argazkia: EFE
Herritarrak Luhanskeko hautesleku batean bozkatzen. Argazkia: EFE
Ukrainak eta nazioarteko komunitatearen zati handi batek ez dituzte Errusiaren erreferendumak aintzat hartzen

01:24

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bigarren eguna dute Errusiak Ukrainan okupatutako lurraldeak bereganatzeko helburuz deitutako legez kanpoko erreferendumek.

Nazioarteak ez ditu aintzatetsi galdeketak, eta horiek inolako berme demokratikorik gabe egiten ari dira: gerraren erdian abiatu dituzte, eta agintari errusiazaleak eta soldadu errusiarrak etxez etxe joaten ari dira, hautesontziak eta armak eskuetan, botoak jasotzeko.

Errusiaren kontrolpean dagoen Jerson eskualde ukrainarreko agintariek salatu dutenez, inguruetan dauden militar errusiarrek behin baino gehiagotan bozkatzera behartzen dituzte hiritarrak.

Melitopol hiriko alkateak, Ivan Fedorovek, azaldu du "hauteskunde batzordeetako" kideak metrailetak eskuan joaten ari direla etxez etxe, Errusiaren alde bozkatzera derrigortzeko.

Bere aldetik Lugansk eskualdeko gobernadoreak, Serhiy Haidaik, esan du Mosku egiten ari dena "sasi-erreferenduma" dela, eta "soldaduek behatuta" ematen ari direla botoa.

Dmitri Peskov Errusiako Gobernuko bozeramailearen arabera, Ukrainako lurralde okupatuek "azkar" egingo dute bat Errusiarekin erreferendumen ostean. Gainera, "beste errusiar lurraldeak" bezala babestuko dituztela ohartarazi du.

Galdeketak Donetsken, Luhansken, Khersonen eta Zaporizhian deitu dituzte.

Bozketa 8:00etan hasi da, eta 16:00ak arte luzatuko da. Hori bera gertatuko da hurrengo egunetan irailaren 27ra arte, egun horretan bukatuko baita prozesua.

Ukraina eta nazioarteko komunitatea, bozketaren aurka

Kievek defendatu du lurralde okupatuetan ez dagoela "erreferendum izeneko legezko ekintzarik", eta gaineratu du gerrarako soldaduak biltzeko "propaganda ikuskizun" bat besterik ez dagoela.

Ukrainako Parlamentuak asteazkenean onartu zuen Errusiari atxikitzeko erreferenduma onartezintzat jotzea, eskualde horietako hainbateko agintariek proposatuta.

NATOk, bere aldetik, berretsi du ez duela bozketen emaitza onartuko, "zilegitasunik ez dutelako" eta "Nazio Batuen Gutuna hausten dutelako". Aliantzak dei egin die "estatu guztiei" Errusiaren "lurralde konkistarako" saiakera horiek errefusatzeko, eta azpimarratu du Donetsk, Luhansk, Kherson eta Zaporizhiako eskualdeak "Ukraina" direla.

"Mobilizazio militar partziala"

Vladimir Putin Errusiako presidenteak Ukrainako gerraren aldeko mobilizazio militar partziala iragarri zuen asteazken honetan nazioari egindako hitzaldi batean. "Ahal dugun guztia egingo dugu erreferendumak egiteko eta herritarrek beren borondatea adierazteko segurtasun baldintzak bermatzeko", adierazi zuen.

Presidenteak, halaber, gaineratu zuen "Donetsk eta Luhansk herrietako eta Zaporizhia eta Kherson eskualdeetako herritar gehienek euren etorkizunari buruz hartuko duten erabakia babestuko" duela.

Ildo horretatik, Viacheslav Volodin Errusiako Estatu Dumako presidenteak eskualde horietako biztanleei eskatu die "libreki bozkatzeko" eta "beldurrik ez izateko".

Ukrainako hainbat eskualdetako agintari errusiazaleek deitutako erreferendumen bozketa hasi da
Ukrainako hainbat eskualdetako agintari errusiazaleek deitutako erreferendumen bozketa hasi da
Ukrainako hainbat eskualdetako agintari errusiazaleek deitutako erreferendumen bozketa hasi da

0:33
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak 2024 Ukraina azken orduko Errusia albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Errusia-Ukraina gerra gaur