Mundua -
Bozak
Italiako hauteskundeen gakoak: 'Rosatellum' sistema eta hautagai nagusiak
Inkesten arabera, eskuineko blokea aurretik dago, eta Giorgia Meloni ultraeskuindarra boto-asmoan faboritoa da.
Agentziak | EITB Media
Igandean hauteskundeak dituzte Italian, Parlamentua osatzen duten bi ganberen osaketa erabakitzeko.
Eserleku kopuruaren murrizketa hitzorduaren gakoetako bat izango da. Dagoeneko 2018ko bozetan martxan jarri zuten hauteskunde sistema errepikatuko dute.
Zer dago jokoan?
2020ko irailean erreferendum batek Konstituzioaren erreforma babestu zuen, eta Diputatuen Ganberako eserlekuen kopurua 630etik 400era jaitsi zuten. Era berean, senatarien zenbakia 315etik 200era murriztu zen.
Konstituzioaren arabera, ganberak bost urterik behin berritu behar dira, baina praktikan legealdiaren amaiera teorikora iristea Gobernuko egonkortasunaren menpe dago. Azken hauteskundeak 2018an egin zituzten.
18 urtez gorako herritar guztiek boto eskubidea dute, nahiz eta 2021era arte Senatuko hauteskundeetarako langa 25 urteetan egon. Kongresurako hautagaitza aurkeztu ahal izateko, 25 urteko adina da muga. Aldiz, 40 urtez gorakoak soilik izan daitezke senatari.
Nola aukeratzen dira ordezkariak?
Esan bezala, hauteskunde sistema berria 2018ko bozetan estreinatu zuen Italiak. Eltore Rosato Alderdi Demokratikoko diputatuak proposatu zuen erreforma, eta haren omenez 'Rosatellum' izendatu zuten. Eserlekuak banatzeko sistema bikoitza ezarri zuen. Teorikoki, blokeak eta alderdi handienak nagusitzea errazten du.
Eserlekuen % 36 izen bakarreko hauteskunde-barrutien bidez banatzen dira, eta boto kopururik handiena lortzen duen hautagaiak erdiesten du jokoan dagoen ordezkari bakarra. Diputatuen Ganberako 147 eserleku formula honen bitartez banatzen dira, eta Senatuko beste 74.
Ordezkarien % 61 -245 diputatu eta 122 senatari- zerrenda sistema proportzional baten bidez aukeratzen dituzte, barruti bakoitzean 1-8 eserleku banatuz, biztanleriaren arabera.
Eserlekuen % 2 -zortzi Diputatuen Ganberan eta lau Senatuan- atzerrian bizi diren italiarrek hautatuko dituzte, alderdien zerrenda sistema proportzional baten bidez ere.
Azken banaketak gutxieneko batzuk kontutan ditu; horrela, bakarka aurkeztu eta estatu mailan botoen % 3 baino gutxiago lortzen dituzten alderdiek ez dute ordezkaririk eskuratuko. Senatuan, eskualde batean bozen % 20 bereganatuko beharko dira ordezkaritza lortzeko.
Koalizioen kasuan, ordea, langa botoen % 10ekoa izango da.