Mundua -
UKRAINAKO GERRA
NBEk ziurtatu du Ukrainan gerra krimenak izan direla
NBEk kaleratutako txosten batean bortxaketa, exekuzio eta tortura kasuak azaltzen dira. Dokumentu hori ezagutu ondoren, Kievek auzitegi berezi bat eskatu du abusuak maila gorenean epaitzeko asmoarekin.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ukrainaren inbasioa ikertzeko sortutako NBEren misio independenteak ziurtatu du Errusiak gerra krimenak egin dituela gerra hasi zenetik. Krimen horiek exekuzioak edo haurren aurkako sexu-indarkeria barne hartzen dituzte.
Erik Mose Misioko presidente lehen aldiz agertu da gaur Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluaren aurrean. Kontseilu horrek martxoan onartu zuen ikerketa hori, eta Kiev, Kharkov, Txernihiv eta Sumi eskualdeetan egindako gerra-krimenak aztertzen ditu.
Norvegiako adituak nabarmendu duenez, exekuzioak gutxienez 16 herritan identifikatu dituzte, eta biktimek eskuak bizkarrean lotuta edota buruan tiroak zituzten.
Mosek, halaber, adierazi du "bortxatutako, torturatutako eta legez kanpo atxilotutako" haurren kasuak eta soldadu errusiarrek egindako sexu-indarkeria kasuak ere aurkitu dituztela. Azaldu duenez, biktimen adina "lau urtetik 82ra bitartekoa" zen, eta batzuetan, familiakoak abusuen lekuko izatera behartzen zituzten.
Gainera, legez kanpoko atxiloketa-zentroetako torturak, deskarga elektrikoak eta biluzte behartuak ere izan direla ziurtatu du.
NBEk berretsi dituen beste gerra-krimen batzuk ere dira armamentu lehergarriekin egindako erasoak, bizilekuetan, eskoletan eta ospitaleetan. Erakundearen arabera, 6.000 zibil inguru hil dira.
Gaur aurkeztutako ahozko txostenaren ondoren, NBEk ikerketaren dokumentu osoa aurkeztuko du Kontseiluaren 2023ko martxoko bilkuran.
Ukrainako ordezkaritzak, berriz, NBEko organo berari eskatu dio auzitegi berezi bat sortzeko, inbasioan gertatutako gerra-krimenak epaitzeko helburuarekin.